Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

Nola handitu errendimendua? Uretatik kanpo ere ariketa lagungarriak egin daitezke

Garai batean surflariek egiten zuten entrenamendu bakarra surf egitea zen. Ez dago hori bezalako entrenamendurik, baina gure surf saioetan lagungarriak izan daitezkeen ariketak ere egin daitezke lehorrean. Kontua norberari on zerk egiten dion asmatzea da.

Azken bi hamarkadetan surflari profesionalek beren gorputza lantzeari ekin diote. Entrenamendu zehatzak egiten dituzte eta egunerokotasun zorrotz bat jarraitzen dute, jaki eta ordutegiei dagokienez. Baina zer egin dezake surflari arrunt batek bere errendimendua handitzeko?

Surf egiteko orduan muskulu batzuk besteak baino gehiago erabiltzen ditugu; beraz, horiek identifikatu eta uretatik kanpo ere landu ditzakegu. Ez da gauza bera izango, baina lagungarri izan daiteke.

Uretatik kanpo surfeko ariketen antza duten mugimenduak egitea oso lagungarri izan daiteke. Albokotasuna lantzeko, esaterako, snowboard edo skatean aritzeak asko lagun dezake. Halako kiroletan gainera antzeko mugimenduak egiten dira; beraz lantzen diren muskuluak ere antzekoak dira.

Gimnasio batean ere ariketa lagungarriak egin daitezke, beti ere landu nahi den atala zein den jakinda eta ariketa zehatzak eginez. Puntu honetan bada kontuan hartu beharreko gauza bat. Surfean arintasunak garrantzia handia du; beraz, kontu handia izan behar da ariketa azkarrak egiterako orduan, helburua ez baita muskulua handitzea, berau indartzea baizik.

Kirol osagarriak ere egin daitezke, indarra, oreka, malgutasuna, erresistentzia edo koordinazioa hobetzen lagun diezaguketenak. Batzuetan, teoria ez dator bat praktikarekin; beraz, hoberena norberak probak egin eta dagokion diziplina hautatzea da. Batzuek pilates egitea maite dute, besteek yoga nahiago dute, beste batzuek apnea ariketak egiteari ekingo diote, eta beste batzuek gimnasiora joko dute, ez baitago jende guztiarentzat balekoa izan daitekeen formula bakar bat.

Bestalde, kirol gehienetan bezala, surfean ere gomendagarria da saio baten aurretik giharrak luzatu eta berotzea, baina kontuz, ez da gauza bera giharrak aktibatzeko luzaketak egitea edo malgutasuna lortzeko aritzea.

Uretara sartu aitzin, muskuluak aktibatu eta indartu egin behar dira, ez luzatu. Ariketa laburrak egin behar dira, postura berean denbora gehiegi eman gabe, bestela muskulua luzatu eta erlaxatu egiten baita eta ez da hori nahi duguna.

Kirola egin ostean, luzaketak egitea gomendatzen dute entrenatzaile gehienek. Kasu honetan, luzaketak ez dira muskulua aktibatzeko, erlaxatzeko baizik; beraz, malgutasuna gehiago landu daiteke postura bakoitzean denbora gehiago eginez.

Halere, surfean, nahiz eta saio baten ostean luzatze ariketak egin behar direla esaten den, surflari asko kexu da, uretatik atera ostean luzaketak egiteak ez omen diolako on egiten. Zentzuzkoa da kirola egin ostean gorputzak bota duen beroa dela-eta giharrak ere bero daudela pentsatzea, baina surfean ingurunea ere kontuan hartu behar da.

Giharrek lan handia egin arren, uretatik atera ostean hotz egon daitezke, eta luzaketak behar bezala hasteko, lehenik muskuluek bero egon behar dute; beraz, giharrak hotzak badaude, kolpetik luzaketak egiten hasteak lesio bat eragin dezake.

Hala ere, eta aurrerago esan dugun bezala, halako gauzak norberak esperimentatu behar ditu, zerbaitek kalte egiten digula sentitzen badugu, hobe da ez tematu, ariketa utzi, eta ordezko zerbait bilatzea.

Surfean gehien erabiltzen diren muskuluak lantzeko orduan, bereizketa bat egin behar da. Ez dira gauza bera olatu gainean aritzea eta arraun egitea. Surfean gabiltzanean denboraren ehuneko handi bat arraun egiten pasatzen dugu; olatu gainean, ordea, segundo gutxi batzuk baino ez ditugu egiten; hortaz, bereizi beharreko bi une desberdin dira.

Denbora luzean eta etengabe egiten den ariketa da arraunketa. Erresistentzia ariketa bat da eta ikuspegi horrekin landu behar da. Alegia, erritmo lasai batean arraun egin dezakegu, tarteka azkarrago ere bai, baina orokorrean, intentsitate baxuko eta iraupen luzeko ariketa da (aerobikoa).

Arraunean hasten garenean, zenbait muskulu aktibatzen ditugu; hala nola trizepsak, bizepsak, deltoideak, trapezioa, abdominalak, dortsal-hegalekoak eta zeiharrak. Horra arraunketarako landu behar diren muskuluak. Onena taula baten gainean arraun egiten entrenatzea da, baina erabiltzen diren muskuluak zeintzuk diren jakinda, atalka ere landu daitezke horiek.

Olatu gaineko ariketak, berriz, denbora tarte txikian egiten ditugu, eta, horrenbestez, bestelako ikuspegi batekin landu behar ditugu gihar horiek. Alegia, denbora gutxian intentsitate handian egiteko ariketak dira (anaerobikoak).

Zutitzean erabiltzen diren muskuluak deltoideak, trizepsak, bizepsak eta bularreko giharrak dira. Oraindik ez dira hanketako muskuluak lanean hasi. Momentu honetan egiten dugun ariketa kanpoan lantzeko askoz ere errazagoa da, mugimendu hauek lehorrean imitatzea ez baita hain zaila.

Behin zutik gaudenean hanketako giharrak lanean hasten dira, koadrizeps, gluteoak eta muskulu bikiak. Hauek, arraun egiten ari garenean ez ditugu batere lantzen, soilik olatu gainean gaudenean erabiltzen ditugu; beraz, kanpoan lantzeko muskulu garrantzitsuak dira.

Aldakako muskuluak oso garrantzitsuak dira surfean, gerri birak egiteko ezinbestekoak baitira. Honekin batera, eta aldi berean, gorputz-enborraren errotazioa ematen da. Bi aldagai hauek ere, surf saio batean oso segundo gutxitan erabiltzen ditugu, eta hortaz, uretatik kanpo lantzea komeni da.