Mugertzak eta Atutxak oso azkar erabaki dute saioa
Hirugarren enborretik aurrera gipuzkoarra eta bizkaitarra lehen postuan jarri dira, eta ezin izan die inork aurre egin, lehiari hasiera ona eman ez arren.

Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak, bikoterik gazteenak, lortu zuen herenegun ilunabarrean Sunbillan jokatu zen Latasaren Oroimenezko Torneoa. Aldi berean, Miel Mindegiak marka bat ezarri zuen, 65 urterekin kanako enborra moztuta.
Bost bikote neurtu ziren, eta bakoitzak hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Txapeldunak ez ziren oso ongi hasi, lehen enborrean laugarrenak izan baitziren. Aldiz, bigarren enborrerako bigarren zeuden, eta hirugarrenerako aurreneko ziren, eta hortik aurrera inork ezin izan zien aurre egin.
Nazabal eta Erasun izan ziren oso indartsu hasi zirenak, hirugarren enborrera bitarte aurrenak izan baitziren. Hirugarrenetik aurrera bigarren postuan geratu ziren, baina saiatu ziren Mugertza eta Atutxa estutzen, eta gainean izan zituzten seigarren enborrera arte, baina hortxe amaitu zen lehen postu horretarako egon zitekeen emozioa.
Aitzolek eta Ugaitzek erritmoa bizitu egin zuten, eta joan egin ziren. Sekulako abiada hartu zuten, eta lan erdiak 12 minutu eta 6 segundoan burutu zituzten. Bigarren postuan Nazabal eta Erasun ziren, baina Etxarrikoa eta Aurtizkoa minutu eta bi segundora zeuden. Hirugarren, berriz, minutu eta 41 segundora zihoazen lan erdietan Rekondo eta Azurmendi, laugarren Olasagasti eta Otaegi minutu bat eta 58 segundora, eta, azkenak, Larretxea eta Etxeberia, bi minutu pasara.
Hortik aurrera garbi zegoen txapela nora joango zen, baina bigarren postutik atzerako postuak falta ziren erabakitzeko, eta hor gauzak estuago ikusten ziren. Hori ere lan erdiak pasa eta berehala hasi zen erabakitzen, Erasunek eta Nazabalek ihes egin baitzuten; lehen postua lortzea oso zaila zuten, baina bigarrena segurtatzera joan ziren, eta hori lortu zuten.
Bitartean Larretxea eta Etxeberria atzera geratu ziren, eta emozio bakarra hirugarren posturako geratu zen, gainerako postuak erabat finkatuta baitzeuden. Azurmendi eta Rekondo eta Olasagasti eta Otaegi borroka bizian aritu ziren, baina azkenaurreko lanerako ospa egin zuten Arriarangoak eta Leitzakoak eta horrekin lanak amaitu aurretik dena erabakita geratu zen.
Atutxak eta Mugertzak sekulako lana egin zuten. Hirugarren enborretik aurrera, gainera, atzean zulo handia zutela ikusteak lasaitasuna eman zien, eta horrekin oraindik eta gusturago aritu ziren lanean. Amaieran lan bikaina egin zuten. Berria ere pozgarria da, beraiena baitzen lanean aritu zirenen artean bikoterik gazteena, nahiz eta denetan aizkolarik gazteena Ander Erasun izan zen. Berak ere ez zuen lan txarra egin, nahiz eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, Floren Nazabalekin batera. Joseba Otaegi, berriz, Unai Otañoren ordez aritu zen, bera baitzen Olasagastirekin lanean jardun behar zuena, baina ez da osatu, eta Otaegi aritu zen Igeldokoarekin.
Miel Mindegia
Miel Mindegiak ere lan oso txukuna egin zuen. Ezkurrako aizkolari beteranoak kanako enborra moztu nahi izan zuen 65 urterekin marka pertsonal bat egiteko, eta bikain aritu zen. Azkenean, 16 minutu eta 44 segundo behar izan zituen bere lana amaitu ahal izateko.
Mindegia aspaldian plazetan oso gutxi ikusten den aizkolaria da, eta zaleek bazuten bera ikusteko gogoa, eta Ezkurrakoak ez zuen hutsik egin. Adinean aurrera joan arren, teknika hor mantentzen du, eta enbor handi hori dotore amaitu zuen, eta txalo artean.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
