J.L.
Trontza | Euskal Herriko Txapelketa

Iraizoz ahizpak buru direla jokatuko da emakumezkoen final nagusia

Gaur, 18.30ean, Baliarraingo pilotalekuan izango den jaialdia handia izango da, hiru txapelketa jokatuko baitira. Alde batetik, nesken Euskal Herriko trontzako finala jokatuko da, eta baita Lehen Mailako trontzalarien Euskal Herriko mutilen kanporaketa ere. Aldi berean, Gipuzkoako lokotx-biltzeko finala ere bertan jokatuko da.

Emakumezkoen trontzan, Ontsalo eta Astiazaran, Etxaburua eta Aranburu, Otaño eta Lizarralde, Sorondo eta Garcia eta Iraizoz ahizpak neurtuko dira. Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzakoari hamar epai eman beharko dizkio.

Ondoren etorriko da mutilen Euskal Herriko kanporaketa, eta ikusmin handia piztu du, berriro ere Igor Esnaola ikusiko baita trontzan. Hainbat aldiz lortu zuen txapela bere anaia Aitorrekin, eta azkenaldian segari eman dio. Azken bi urte hauetan dena irabazi du. Trontzan, berriz, Santi Aizpuruarekin arituko da gaur arratsaldean.

Beraiez gain, Gumutio eta Loiola, Barberena anaiak, Pikabea anaiak, Kañamares III.a eta Eugi, Irigoien eta Etxenike eta Urrutia anaiak arituko dira lanean. Bikote bakoitzak hamar epai eman beharko dizkio etzanda jarritako 45 ontzakoari, eta bost, berriz, zutik jarritakoari.

Bestetik, Gipuzkoako lokotx-biltze Txapelketan, Garmendia, Goikoetxea, Larrañaga eta Zulaika neurtuko dira. Kirolari bakoitzak 50 lokotx batu beharko ditu, eta batetik besterako tartea 1,25 metrokoa izan behar du. Eneko Garmendia gaur etxean arituko da, eta bera izango da faboritoetako bat.