«Xolomo burua, tortilla beganoa eta gin-tonic goxokiak

Ama Birjinaren egunaren bezperak gauza ikusgarria dakarkio pirata kuxkuxero honi: arrandegietako atariak. Lanbiden baino jende ilara luzeagoak ikusi ditugu goiz-goizetik. Badira festak eta festak. Iruñekoetan zintzurra ederki busti behar bada (zinez egarria pasatzen dute barrualdeko aberkide maiteok!), Donostiakoetan sabela behar bezala betetzea nahiago dugu (kanpotik ondo bustita goaz kostaldekook, enbata malapartatu hauekin!)
Kai ondoko txokoetatik ateratzen den usain hutsarekin bazkaltzerik badago. Bazkidea bazara, de lujo; bestela, patrikari astindu ederra eman beharko diozu gau honetan jatetxe on batean afaltzeko (30-40 euro bitartean menu gehienak). Hala ere, urte batzuetatik hona ohitura galtzen ari dela egiaztatzen da. Ez da San Sebastian bezpera, ez.
Usaina ez da makalagoa Erdialdean bertako produktuak eskaintzen dituen gunean: erretzen ari diren txorizo eta xolomo buruarekin bokata ederrak dasta daitezke, hiru euroan, egoki.
Katalunia plazako sagardotegiak (irudian) bisita -eta gehiago- merezi du. Hirugarren urtez, mokadu goxo ugari eta sagardoa eta muztioa barra-barra, 12.00etatik aurrera. Gazte batzuk ikusten dira, zutik gehienak; adineko jende gehiago eta familia osoak eserita. Hamahiru euro txuletak, bost sagardo botilak, baina bestelako gauzak eta pintxo txikiagoak ere eskuragai, eta musika entzun eta dantzagai 20.00etatik aurrera.
Hortik gertu, Kursaaleko terrazetako eskaintza exotikoa: Argentinako haragi errea (parrillada), thai food, Mexikoko plater «picoso»-ak, eta askoz gehiago. Eta arrakasta itzela urte osoan zabalik den ondoko Wok-ak, baina «tranpa» eginez: sotoan duen umeen txikipark-a da amua. Eskaintza solidarioagoa Marruman; preso eta iheslarien aldeko kaxuelitak. Gros paradisua bilakatu zaie tripazaleei. Atzo errekorrak gainditzeko modukoa zetorren ostegunetako pintxo-pote famatua. Bi euro trago eta mokaduagatik... eta ez edonolakoak (paella, oilaskoa... fundamentuzko gauzak).
Su artifizialak inola ere galdu ezin dituztenentzat, bokatak segitzen du izaten lehen aukera. Eta Juantxo jauntxo eta jabe. Ez diote konpetentzia handirik egiten modako kaleko kioskotxoek, beren itxura tristeko hot dog-ak, tipulaz eta Cheddar gaztaz alaitu nahi arren.
Musean bezala, handira ala txikira jokatu daiteke Aste Nagusian, garestira edo merkera. Eta haragijale temati izan edota barazkijale osoa. Arrautzarik gabeko patata-tortilla lehiaketa antolatu du estreinakoz Askekintzak, Sagueseko txosna beganoan.
Eta postrea? Barazkijale segituz, Tedone jatetxeak ez dizu zapore txarrik utziko. Exotikoentzako, demagun Zurriolako Bretainiako krepak edo Parte Zaharreko Quebec-ekoak. Eta ñoñostiar jokatuz gero, Whiskyaren Museoan gin-tonic goxoak saltzen dituzte, poltsa sei euroan.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
