J.L.
TRONTZA

Iraizoz ahizpek eraman dute Euskal Herrikoa

Iraizoz ahizpek irabazi zuten atzo Baliarrainen jokatu zen Euskal Herriko Txapelketako finala. Sekulako jendetzarekin jokatu zen, gainera, azken saio hau, pilotalekua gainezka izan baitzen.

45 ontzakoa etzanda jarrita, hamar epai eman zizkion bikote bakoitzak. Emozioa handia, azkeneko unera arte ez baitzen ezer erabaki, garaileek zortzi segundo bakarrik kendu zizkieten-eta Ontsalori eta Astiazarani.

Azken hauek oso bizi hasi zuten finala, eta aurretik ere ibili ziren, baina lan erdietan apur bat aurreratu ziren Iraizoz ahizpak. Bi bikote hauek sekulako borroka eraman zuten azkeneko epairaino, eta amaieran zortzi segundoko tartea besterik ez zen egon, baina nafarrek eraman zuten txapel preziatua.

Hirugarren posturako Etxaburua eta Aranburu jarri ziren, eta horri eutsi egin zioten. Otañorekin eta Lizarralderekin izan zuten borroka, baina Otañok izterraren atzealdean zaintiratua izan zuen, eta saioa bertan behera utzi behar izan zuten.

Sorondok eta Garciak ezin izan zuten aurreko urteko lana egin, eta ia hasieratik geratu ziren atzera, eta amaieran hortxe amaitu zuten.

Dena dela, finala bikaina suertatu zen. Honelakoetan, eta ikusita nolako jendetza zegoen, saio estu eta orekatua izatea gustatzen da, eta zaleek emozioz beteriko finala ikusi zuten.

Mutiletan, berriz, kanporaketa izan zen, baina aritu ziren sei bikoteek jokatuko dute finala. Izan ere, azkenean bikote pare batek ezin izan baitzuten parte hartu, min hartuta daudelako, eta sei bakarrik aritu zirenez, denak arituko dira finalean.

Bi multzotan banatuta aritu ziren, eta garaipena Kañamares III.ak eta Eugik lortu zuten, baina finalean gauzak beste era batera izango dira. Lehen multzoan aritu ziren, gainera, hiru faboritoak, atzoko garaileekin batera han baitziren Esnaola eta Aizpurua eta Barberena anaiak. Bikote bakoitzak 45 ontzakoa etzanda jarrita hamar epai eman behar izan zizkion, eta bost, berriz, zutik jarrita. Lehen txandako hirurak izan ziren onenak.