J.L.
Harri-jasotzea

Urruzonok uste baino alde handiagoa kenduta irabazi du Mallabiko Torneoa

Urruzunok eraman zuen Mallabiko Torneoa, neurketa eder baten ostean, eta uste baino errazago gainera. Beraren eta Izeta III.aren artean zegoen txapela, edo hori zen aurrez uste zena, eta horrelaxe izan zen, nahiz eta Urruzunok uste baino alde handiagoa lortu zuen.

Kirolari bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bosna minutu izan zituzten. Azkenean, Urruzunok 88 jasoaldi lortu zituen, eta Izeta III.ak, berriz, zortzi gutxiago jaso zituen. Aritu ziren harri-jasotzaileek oso maila ona erakutsi zuten, asko eta asko gazteak baitziren, eta jendeak ere erantzun ona eman zuen.

Eneko Garmendia

Atzo Baliarrainen, trontzalariez gain, Gipuzkoako lokotx-biltzeko finala ere jokatu zen, eta herrikoak, Eneko Garmendiak, lortu zuen garaipena. Trontzan emozioa handia izan baldin bazen, hemen ere horrelaxe izan zen, ez baitzen bukaerara arte ezer erabaki. Ez da hori kirolarien gustukoa, baina bai zaleena, gozatu handia hartu baitzuten. Kirolari bakoitzak 1,25 metroko tartearekin jarrita 50 lokotx batu behar izan zituen.

6 minutu eta 25 segundo behar izan zituen Garmendiak, eta bost segundo gehiago Larrañagak. Beraz, azkeneko unean erabaki zen dena. Zulaika izan zen hirugarren. 6.49 izan zen denbora. Gaur, 18.00etan, jokatuko da Gipuzkoako orga-jokoko finala Ondarroako pilotalekuan. Bertan, Arreitunandia, Ituarte eta Uranga lehiatuko dira.