Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Nagialdiko burutazioak

Udaran beti gauza bera, edo antzekoa, gertatzen zait, nagiak nire gorputza hartu eta horren jabe egiten da, nire burua oposizioan utzita. Halakoetan oso astiro mugitzen naiz etxe ingurutik, geldi-geldian, mantso, emeki, tarra-tarra, gorputz-adarrak pila agortuko eskuko aginte batek urrunetik eraginda mugituko balira bezala. Oso modu dorpe eta baldarrean. Ama, ama, nagikeria zer gauza traketsa den udan! Ondoko zuhaitzen baten adarrean lo-kuluxkan banengo, ez ninduke harrituko nire auzokideren batek telebistara deitzeak, nagi garazalearen gaineko dokumentala egiteko edo. Eta hor ibiltzen naiz, ibili aditza zentzu literarioan hartuta, aulkian botata egunkariko orriak pasatzeko txakurrari putz egiteko esaka.

Ene, ene! Udan hamaika irakurtzeko gara gero! Ez du esan, bada, Donostiako gotzainak idealen krisia bizi duela gizarteak! Kanpoko apaizgaitegitik pasatu behar ere halakoak hemen ondorioztatzeko! Amen. Nonbait, ondasun objektibo hartzen du horrek gure behean den Estatuaren batasun sakratua, zezenaren larru ustelean tarrat egitea errazago ez balitz moduan. Bai zera, kimera esango lukeela elefanteen ehiztariak! Normala, beraz, ideiak krisian izatea, berarentzat ondasun objektiboa den zer hori euskaldun gehienontzat hondamen objektiboa da. Bere hiztegia berrituko balu sikiera gotzainak! Eta Hirutasun Txit Santuari Troika deitu, hobeto ulertuko lukete kristauek idealen krisiaren alderdi finantzarioa, behintzat. Portzierto, ondasunen haritik, pulpitutik eskatu diezaiela bere multinazionalaren nafar frankiziakoei hango ogasunarekin konpontzeko oraindik zigilatu ez dituzten zuloena.

Txakurra joan zait, sagutxo baten atzetik, eta ezin orria pasa. Tira, nagira! Pentsatzen nago noiz edo noiz liburu bat gura nukeela idatzi, zutabe bat baino luzeagoa. Jakina, neguan beharko, idatzi, nahiz eta udan ideiak gordetzen hasi buruan. Izenburua badut, «Obalakoak». Orain mamia landu behar dut, amarruak, azpijokoak, ponentziak... Obala zer den? Etxe Zuriko areto obaleko mahai obalari etxekoek ematen dioten izena. Haren ingurukoez nahi dut nobela, beltza, jakina, josi. Nire pulpitutik josi ere! Baina, esan bezala, neguan hasiko; uda nagiak hartu dit eta! Erdu txakurra! Eskelak nahi ditut leitu!