Etxeberriak hasieratik hartu du agintea

Mielanjel Etxeberriak irabazi zuen atzo Nafarroako Hirugarren Mailako finala, eta berarekin batera Mikel Indakoetxeak lortu zuen Bigarren Mairala igotzea. Jendeak erantzun bikaina eman zuen, ikusle asko batu baitzen Ezkurrako pilotalekuan finala zuzenean ikustera. Aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako eta bi kana-erdiko ebaki behar izan zituen.
Finala dotorea suertatu zen, azkenera arte ia ez baitzen ezer erabaki. Mielanjel Etxeberriak hasieratik hartu zuen aurrea, baina lehen enbor horietan gainean zituen Joxean Etxeberria, baita Oier Kañamares ere. Azken honek irabazi zuen Iruñean jokatu zen kanporaketa eta atzoko ere faboritoa zen, baina laugarren amaitu zuen.
Lan erdietara ere gauzak berdin iritsi ziren. Aurretik zen Mielanjel Etxeberria, eta atzetik Joxean Etxeberria eta Kañamares IV.a. Azkena, berriz, Telletxea. Hasieratik geratu zen atzeratuta, eta han jarraitu zuen saioa amaitu arte, azkena geratu baitzen.
Mikel Indakoetxea laugarren ibili zen lehen bi enborretan, baina Zubietakoak gora egin zuen. Jarraitzaile asko ekarri zituen atzo Ezkurrara. Oso gertukoa da Indakoetxea, eta atzo animo faltarik ez zuen izan. Amaieran, gainera saria izan zuen.
Lan erdietatik bueltan, Kañamaresek eta Mielanjel Etxeberriak adar bana izan zuten, eta horrek apur bat atzeratu zituen, baina aurrean zihoanak eutsi egin zion bere postuari, eta amaierara arte hortxe jarraitu, eta txapela eta igoera lortu zituen.
Bigarren posturako borroka Joxean Etxeberriaren eta Mikel Indakoetxearen artean geratu zen, eta azkeneko unera arte izan zuten borroka. Azkenean Zubietakoak aurre hartu zion Zigakoari. Kañamares IV.ak amaitu zuen laugarren, eta atzoko beteranoenak, Telletxeak, itxi zuen sailkapena.
Bestetik, Arreituonaindiak irabazi zuen herenegun jokatu zen Gipuzkoako Orga-joko Txapelketako finala. Amaieran hamar zentimetro bakarrik kendu ahal izan zizkion Urangari, eta Ituarte sailkatu zen hirugarren.
Txapeldunen liga
Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan, gaur oso norgehiagoka ederra iragartzen da Gernikako plazan, Aitzol Atutxa eta Floren Nazabal neurtuko baitira (18.00).
Pasa den ostiralean Donostiako Urrezko Kopan lehen eta bigarren geratu ziren. Gasteizko Torneoan, berriz, bizkaitarra gailendu zitzaion nafarrari. Gaur, bakoitzak proba ezberdinak egin beharko ditu, eta denetako denborak batu eta onena duenak lortuko du garaipena. Gauzak normal joaten badira, iraupen probak erabaki behar du.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
