Jon GARMENDIA
Idazlea
Udate

«Kantantea»

Sabela sabelaren kontra, biluzik, eta ohean etzanda. Hala gelditu dira elkarrekin maitasuna marraztu ondoren, direnik eta forma geometriko sutilenak lau horma arteko agertokian eskaini ostean. Plazerarekin hitz egiten den bidean urrats batzuk haiekin egin eta konplizitatea partekatu duen kantariari ahotsa kendu diote gero, musika aparailua itzali baitu bikoteak, eta orain, arnasaren erritmoa baino ez dago entzungai gela ilunean. Kantariak amaitu du udako emanaldietako bat bestalde, agurtu ditu ikusleak, izerdia lehortu eta gorputzari edatera eman dio; azkenik, erabili dituen musika tresnak jaso eta etxerantz abiatu da, lau horma artean babesa eta lasaitasunaren desira konplitzeko xedez. Hunaturik, eta norantz doan jakin gabe, kaitik urrundu den kalatxoriak harria topatu du uretan; bertan, zangoak pausatuko ditu emeki, eta gibelera so hegaldiarekin egindako bideari behatuko dio, pentsamenduekin denbora blokeatu gabe. Kantariari iruditu zaio, bera kalatxori bakarti hori dela, amiltxori akitua, norantz doan ez dakiena. Gehienera, hurrengo emanaldira bidean. Eta Andres Calamaroren ahotsa heldu zaio memento horretan, «y nadie pregunta si sufro si lloro, si tengo una pena que hiere muy hondo». Bera ikusteko ordaindu duenari satisfazioa ematea, hori da bere lana, bere eginbehar bakarra. «Yo, soy el cantante, muy popular donde quiera, pero cuando el show se acaba soy otro humano cualquiera. Y sigo mi vida con risas y penas, con ratos amargos y con cosas buenas». Kantariak «El Cantante» Calamarorekin hasi badu ere, munduari ezagutzera eman zion Hector Lavoeren berezko hitzekin bukatu du. Puerto Ricon Perez abizenarekin jaio eta «La voz» izan nahi eta Lavoe bilakatu zen kantari on eta gizajo hura ahanzturan gelditu dela oroitu du hala ere; belaunaldi berriek Calamaro edo Marc Anthonyren ahotik ezagutu dutela bera bezalako kantari baten bizimoldea deskribatzen duen kantua. Baina azkenik, abestia Lavoeri Ruben Bladesek eman ziola gogoratu du, haren sorkuntza izan zela, bizitzako zoritxarrak ahantzi eta kantuarekin berriro alaitasuna atzeman zezan oparitu ziola Lavoeri. Kantarien arteko kantari izaten segi zezan. Maitaleek maitasuna marrazten segi dezaten. Eta kalatxoriak kaira itzul daitezen.

Honi buruzko guztia: Udate