Onintza Enbeita
UDATE BETE

Probokazioa

Kokoteraino nago gure eskoteari buruzko kantuak, txisteak eta komentarioak entzuteaz. Zabalik daramagunean zabalik daramagulako, itxita daramagunean lekaime itxura daukagulako, baina beti entzun behar dugu zerbait. Nerabea nintzenean sekulako konplexua nuen bular handiak nituelako, eta gehiegi maite ez dudan norbaitek esan zidan lasai egoteko, gizonei titi handiak gustatzen zitzaizkiela eta. Eta neskei? Nolakoak gustatzen zaizkie neskei? Ah, ez. Eskoteaz eta bularrez ari garenean egiten diren komentario guztiak, txiste guztiak, kanta guztiak eta bestelako guztiak emakumeak gizonak probokatzeaz ari dira. Hemen ere Adan eta Evarekin egin ohi dugu topo.

Baina txiste errezak egiten dituzten gizonak bezain heterosexuala naiz ni ere, eta badira topera jartzen nauten gauza asko. Udan ez dira mutilak bereziki estalita ibiltzen, eta ni besoetan fijatu egiten naiz, eta batzuenek topera jartzen naute. Eta hala ere, tabernan nire ondoan kafea eskatzen dagoenari ez diote esaten: «ia ba txotxo, halako kamisetak ipintten segitzen badozu, hainke eingotzut», edo ez dut kantatzen «buelteu die manga laburrek eta buelteu da pekatu sasoie», edo «eitten daben hotzagaz niki hutsien etorteko, zeuk be zeozer gurozuleko izengo da». Ez. Eta ez dut hori egiten, ez dudalako uste, inor etxetik atera aurretik ispiluaren aurrean jartzen denik, «gaur Oninza probokatzera noa», pentsatuz. Eta norbaitekin zerbait egin nahi badut, berari esaten diot jende guztiaren aurrean oihuka hasi beharrean. Batzutan ematen baitu, txakurren bezala terrenoa markatu behar dutela gizonek emakumeon ondoan; beno, ondoan ez, kalearen beste aldetik zarataka.

Gizartean hedatuta dago emakumeok probokatu egiten dugun ideia. Probokatu egiten ditugu gizonak gure gainera salto egin dezaten. Gure barruan hain iltzatuta ditugun baloreek diote, emakumeok eskotea edo minigona janzten baditugu, dela, gizonek erantzi diezazkiguten. Eta normaltzat hartzen ditugu komentario zikin guztiak. Jakina, guk esaten duguna ez badu ontzat hartzen, zertarako jarri du bada emakume honek halako eskotea? Bada, adibidez, gaur horixe jarri zaiolako sudurraren puntan. Hain zaila da ulertzea?

Badakit halakoak esanda ez dudala lagunik irabaziko: gauzak lekutik ateratzen ari naiz betiko moduan. Borde jarri naiz berriz ere. Gizonak alperrik berotzea justifikatu nahian nabil betiko moduan. Betiko moduan. Baina beti errepikatzen dena da, gure amek eta amamek guk bezainbeste traba izan zituztela libre bizitzeko. Betiko moduan, orain ere, gu gara bortxaketen errudunak. Betiko moduan, gu gara, mundu guztian, gizonek bortxatzen gaituztenak, eta hala ere, gu gara gezurtiak eta histerikoak. Geu probokatzaile, gizonak biktima.

Komentario sinpleentik hasi, kanta zein telebista programa txatxuenetatik pasatu, eta filosofia progreenekin amaitzen badugu, guztiok, nahita zein nahi gabe, beti botatzen diote emakumeei zerbaiten errua: salaketen ehuneko handi bat gezurrak dira, begira zer egiten duten umeekin banatu eta gero, horrela jantzita dabilenak zerbait nahi du... beti dago bainaren bat emakumea biktima dela onartu baino lehen. Aurreiritzi horien guztien atzean komentario inuzente asko dago. Azken batean, eskote batek hainbeste hainbeste hainbeste probokatzen duela sinesten duenak, zergatik ez du sinestuko probokazio bati erantzuten ari dela neska bat hormaren kontra jartzen duenean?