Jon LEUNDA
Jokoan

Zazpi herrialdeetan onena zein den erabaki nahi dute

Atharratzeko plazan jokatuko da saioa bihar, 16.00etan hasita. Gipuzkoa eta Nafarroa dira faboritoak.

Euskal Herriko Zazpi Herrialdeetako Txapelketa jokatuko da bihar 16.00etatik aurrera Atharratzeko plazan. Eguraldi txarra egingo balu, Mauleko pilotalekura eramango dute, baina eguraldi adituek diotenaren arabera, ona eta beroa izango omen da, beraz ez dirudi Atharratzen egiteko arazorik izango denik.

Garbi dago honek izan beharko lukeela herri kirolen arloan urteko ekitaldirik garrantzitsuena, baina garbi dago ez dela horrela, ez kirolaririk gehienentzat, ezta zaleentzat ere. Egiari zor, data ere kirolarientzat oso txarra da. Festaz beterik datorren asteburua da, eta askok eta askok lehendik hartua izango dute egun hori erakustaldiak egiteko. Beraz, pentsatzekoa da hainbat federaziotan hutsune nabarmenak izango dituztela.

Berez, kirol bakoitzean herrialdeko txapela lortu dutenek joan behar dute, baina seguru ez dela denetan gauza bera gertatuko. Hori bai, eta azken orduko ezusterik ez baldin bada, zazpi herrialdeek izango dute ordezkaritza, nahiz eta batzuek ezingo duten kirol mota guztietan parte hartu.

Azkeneko urtean Zuberoak ezin izan zuen talderik atera, berarentzat data txarra zelako, hor baitago beste kontu bat. Hego Euskal Herriko askorentzat uda garai hau txarra da, erakustaldi asko dituztelako, eta Ipar Euskal Herrikoentzat, batez ere Zuberoarentzat edo Nafarroa Beherearentzat, uda da sasoirik onena, herri kirolean dabiltzan asko, neguan errugbian edo futbolean ari direlako.

Dena dela, data kontuan hartuta, eta etxean arituko direla ere ahaztu gabe, oraingoan Zuberoak taldea plazaratuko du, nahiz eta arazo asko izango dituen kirol mota guztietan parte hartzeko, Nafarroa Behereak bezalaxe. Arabak ere esan du ez daukala kirol guztietan parte hartzeko jenderik, beraz izango dituzte hutsune batzuk. Kontuak horrela, badirudi aipaturiko hiru talde hauen artean egongo dela azkeneko postua, eta hor ez amaitzea izango dute helburu nagusia.

Beste lauren artean egon beharko da, beraz, txapela. Bizkaian ere barne arazoak izan dituzte azken bi urte hauetan eta ikusi beharko da zer-nolako taldea ateratzen duten. Azkeneko urte hauetan txapela Gipuzkoaren eta Nafarroaren artean egon da beti, eta aurten ere horrela izango ote den susmoa dago. Baina Lapurdi ere ez da ahaztu behar, lan asko eta ongi ari baitira egiten, eta bi handien parera iristen ari da, eta aurtengorako ere badute txapela lortzeko itxaropenik.

Sokatira, aizkora, trontza, harri-jasotzea, lokotx-biltzea, ingude-altxatzea, txinga-eroatea, zaku lasterketa eta orga-jokoa egin beharko dituzte.