Erregularrena izatearen saria jaso ahal izan du Gipuzkoak
Bizkaiak lortu du bigarren postua, eta Nafarroak, aldiz, podiuma osatu du.

Gipuzkoak irabazi zuen atzo Atharratzen jokatu zen Zazpi Herrialdeetako Txapelketa. Euskal kirolen olinpiaden saioa bere hasierako jatorrira eraman dute aurten, eta jendeak ez zuen hutsik egin, sarrera handia izan baitzen Atharratzeko plaza libreko harmailetan.
Gipuzkoa zen irabazteko faboritoa, Nafarroarekin batera, eta gipuzkoarrek ez zuten hutsik egin. Tartean, ordea, Bizkaia sartu zen, eta hori berri ona da. Bizkaitarrek barne arazoak izan dituzte, eta behera eginda zegoen taldea, baina atzo berriro ere bere onena eman zuen Bizkaiak, eta Gipuzkoa estu hartu zuen.
Gipuzkoarrek lau proba irabazi zituzten, eta horrek eman zien garaipena, horrek eta amaieran aizkoran emandako erremateak ere bai, bigarren amaitu baitzuen Bizkaiaren atzetik, eta hori ere oso garrantzitsua izan zen.
Lokotx-biltzen gipuzkoarrak izan ziren nagusi, eta hor ireki zuten garaipenerako bidea. Lasto-altxatzen ere eurentzat izan zen garaipena, trontzan eta sokatiran izan zen bezalaxe. Aizkoran eta harri-jasotzen, berriz, bigarren izan zen Gipuzkoa, eta hor garbi geratu zen zein herrialde izan zen denetan erregularrena.
Bizkaiaren inguruan zalantza asko zeuden, azken urte honetan barne arazoak izan dituelako, baina badirudi gauzak gozatzen ari direla, eta atzo lan oso ona egin zuten bizkaitarrek, eta horren ordaina jaso zuten, hiru garaipen lortu baitzituzten. Aizkoran Aitzol Atutxa izan zen denetan onena, harri-jasotzen Urruzuno, eta txingetan ere eurentzat izan zen lehen postua.
Lapurdirengan itxaropen asko zeuden, azken urte hauetan gorakada handia eman duelako, baina atzo laugarren postuan bukatu zuen. Erregulartasuna falta izan zitzaion, izan ere, bi proba irabazi zituen, baina hori bakarrik ez da nahikoa, eta atzo horrela ikusi zen. Lapurtarrak zaku-lasterketan eta orga-jokoan izan ziren nagusi.
Orga-jokoa ikusteko gogoa bazegoen, Euskal Herriko finalean bizkaitarren eta lapurtarren artean lehia handia izan baitzen. Orduan Drame bizkaitarra gailendu zen, atzetik joan ostean. Atzo alderantziz izan zen, eta garaipena Lapurdik lortu zuen.
Nafarroak, aldiz, proba bakarra eraman zuen; ingude-altxatze saioan lortu zuen lehen postu hori. Bizkaiarekin berdindu egin zuen, baina nafarrak aurretik aritu ziren, eta horrek eman zien lortu zuten garaipen hori. Arabak, Nafarroa Behereak eta Zuberoak, aldiz, ezin izan zuten garaipenik lortu, baina eurek egindako lanak ere ez dauka inongo aitzakiarik.
Hiru herrialde horiek lanak izaten dituzte taldeak osatzeko, eta, gainera, kirol batzuetan ezin izaten dute atera. Beraz, egiten dutena ez da gutxi, eta honelako lehiaketek balio behar dute aurrera egin ahal izateko. Arabak, esaterako, harriak jasotzeari utzita zegoen Vicente Gordo berreskuratu behar izan du kirol horretan parte hartzeko.
Zazpi Herrialdeetako Txapelketak izan beharko luke Euskal Herriko urteko lehiaketarik garrantzitsuena, baina garbi dago ez dela horrela, ez kirolarientzat, ez eta ikusleentzat ere. Nafarroa Beherean edo Zuberoan jokatzen diren neurketek usain berezia izaten dute. Jendetza handia batzen da, eta atzo ere sarrera bikaina izan zen Atharratzeko plazan. Beraz, etorkizunean, agian aztertu egin beharko litzateke honelako saioak non egin. Atzokoak, gainera, Zuberoarentzat bultzada bat izan behar du. Herrialderik txikiena da, eta askotan atera gabe geratu behar izaten du jende faltagatik. Ea hemendik aurrera gauzak aldatzen diren. J.L.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
