Jon LEUNDA
Aizkora

Faborito guztiak izango dira final nagusian

Ez zen ezusterik izan atzo Gorritin jokatu zen Euskal Herriko Hirugarren Mailako kanporaketan, eta bi faboritoek, Asier Pellejerok eta Eneko Saralegik, lehen bi postuetan amaitu zuten. Haiekin batera, Urteagak lortu zuen datarik ez duen finala jokatzeko txartela.

Jende dezente batu zen atzo Gorritiko pilotalekuan lehen finalerdia ikusteko asmoarekin. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen. Hiru multzotan banatuta aritu behar izan zuten lanean.

Lehen multzoan aritu ziren aurreneko bi sailkatuak, baita azkena ere: Pellejero, Saralegi eta Intxausti. Lehen bi enborretan Pellejero eta Saralegi pare samarrean aritu ziren, baina gero tartea kentzen hasi zen Aresokoa, eta, amaieran, 49 segundo kendu zizkion aizkolari leitzarrari. Intxausti, berriz, hasieratik geratu zen oso atzera, eta, amaieran, multzoan bezalaxe sailkapenean ere azkena geratu zen.

Bigarren txandan Urteaga, Etxeberria II.a eta Indakoetxea lehiatu ziren. Urteagak hasieratik hartu zuen aurre, eta abantailari eutsi egin zion, nahiz eta beste biak batzuetan asko gerturatzen zitzaizkion. Bigarren postu horretarako borroka handia izan zuten Zigakoak eta Zubietakoak. Azkenean Urteagak lortu zuen garaipena. Egin zuena baino denbora hobea ere egin zezakeen, baina azken enborrean dezente nahastu zen, eta denbora galdu zuen. Beste biak finaletik kanpo geratu ziren.

Hirugarren multzoan, Kortxero, Kintana eta Garcia aritu ziren. Multzo honetatik ez zen inor finalerako sailkatu. Kortxero hasieratik bukaerara izan zen multzoko lehen postuan, eta finalean sartzeko denboren barruan ere aritu zen une askotan, baina azkeneko enborrean aukera guztiak galdu zituen.

Desafioa

Berriro ere desafio hotsak agertu dira. Pasa den astean Jon Rekondok bota zion Donato Larretxeari, eta, oraingoan, berriz, Eneko Otaño da aizkora apustua egiteko deia egin duen aizkolaria.

Beizamakoak Mikel Larrañagari bota dio erronka. Berak 18 kana-erdiko ebakiko lituzke, eta Larrañagak bi gehiago; 20 alegia. Enborrak ere Otañok eramango lituzke, eta dirutan 3.000 euro jokatzeko prest dago. Apustua, berriz, azaroaren bukaera aldera jokatu nahiko omen luke. Horretaz guztiaz hitz egiteko, irailaren 5ean Beizamakoa Azpeitiko Mendeizabal jatetxean egongo da, 20.00etan.