Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia
Espainiako Vuelta

Porrua galanta

Assen Herbehereetako zirkuituan hasi zen Vuelta 2009an, motorzaleen leku kuttunetariko batean. Eta orduko hartan, Ametsek eta biok, sasi idazle plantak hartuz, GARA egunkariarekin gure kolaborazioak egiteari ekin genion. Harrezkero jada bost urte pasa dira, eta, beste behin ere, Vueltan gertatuko diren txutxu-mutxu eta kontuen berri ematera gatoz.

Aurten, Jerezen, motorzaleen beste «tenplu» batean hasi da Vuelta. Ametsentzat bezala, Euskal Selekzioarekin 1998ko txapelketan egindakoa izan zen niretzat ere txirrindularitzarekin lotuta kanpora egindako lehen irteera, eta, nahiz eta azken kilometroan beste bi lagunekin ihesean 40 segundoko abantailarekin nindoala izandako matxura batek lasterketa irabazteko aukerak zapuztu, oso oroitzapen politak ditut Jerezen egondako aldi bakar hartaz. Izan ere, aurten ez naiz Vueltan izango. Munduko taldekako erlojupeko txapelketak prestatzeko asmotan, «Amerikak egiten» dihardut.

Globulu gorrien zakua betetzea da asmoa, eta horretxegatik ari naiz parte hartzen Coloradoko Itzulian, 2.700 metrotik gora lo egin eta etapak 3.500 metroko altueran amaituz. Aitortu behar dut ez nuela uste nire lehen hirumilakoa bizikletan egingo nuenik, baina, nahikoa lanekin bada ere, hemen nabil altuerari maila hartu nahirik. Arazo fisikoak, hipotermia bat (9 graduko tenperatura eta kazkabarra izan genituen 3.000 metrotan) eta altuerak eragiten duen gorputz txarra tarteko, kronoigoera negargarria egin nuen. Aspaldiko gorputz makalenarekin eta moralez baxu xamar nengoela, Ametsek, Oñatin ze xauk bat izango zen eta Ameriketan whatsapp bat dena bidali zidan. «Zela fan dok? Hemen porrua galanta». Eta nik bueltan: «Porrua? Porrua nik in xuatena».

Ordu aldaketa gorabehera, gauean hasitako erlojupekoan bere taldeak eginiko lanarekin guztiz pozik ez zela, ekin genion gure arteko elkarrizketari. Badirudi «porru» eginda hasi dela aurtengo Vuelta, hala ere, beste «porru» batzuk ematen duten txisparekin Bob Marleyk abesten zuen moduan, «No woman, no cry!!» pentsatu, eta, buruari buelta gehiegi eman gabe, aurrera egitea da onena. Ba horrela, porruak porru, hasi da aurtengo Vuelta.