A. ARRUTI DONOSTIA
Elkarrizketa
YLENIA BAGLIETTO ETA UGAITZ ALEGRIA
AKTOREAK

«Azkenean Maritxuk nahi duena da Bartolok ulertzea `iturria' zer den»

Ylenia Baglietto (Eibar, 1986) eta Ugaitz Alegria (Ondarroa, 1977) aktoreak Maritxu eta Bartolo dira egun hauetan. Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan izango dira larunbatera arte «Nick Maritxu, Nick Bartolo» obrarekin. Glu Gluk ekoiztuta, Galder Perezek idatzi eta zuzendutako lana da, erotismo eta umorez betea. Gauero 22.00etan eskainiko dute emanaldia.

Internetez ezagutuko dute elkar Maritxuk eta Bartolok, eta opera biltegi batean jarriko dute hitzordua. Maritxuk lanak izango ditu berak bilatzen duen «iturria» zein den Bartolori azaltzen.

Nolakoak dira Bartolo eta Maritxu partikular hauek?

Y.B. Txat batean elkar ezagutu, eta gelditzea erabakitzen dute, ezohiko leku batean.

U.A. Neska ausartagoa da eta proposatzen dio operako biltegian zita egitea. Txatean ezagutu dute elkar, baina bakoitzaren helburua ezberdina da. Mutilak Bartolo du benetako izena eta Bartolo erabiltzen du txaterako izen moduan. Neskak auskalo zein izen duen, txaterako Maritxu erabiltzen du. Bartoloren asmoa litzateke bizitza osoan entzun duen kantu horretako neska ezagutu eta berekin kantua aurrera eramatea. Neskak, txat erotiko batean dagoenez, sexu harremanak bilatzen ditu. Hor sortuko dira gaizki-ulertuak, elkarren arteko enkontruak, mutila nahiko kokoloa da...

Y. B. Azkenean Maritxuk nahi duena da Bartolok ulertzea iturria zer den.

Zer gertatzen da operako gau horretan?

Y. B. Opera amaitzen da eta hurrengo egunean zabaldu arte, gertatzen den guztia kontatzen da.

U. A. Bidaia ezberdinak egingo dituzte, biltegian daudenez, opera ezberdinetako jantziak dituzte, eramango dituzte Egiptora, Erromara...

Komedia batez ari gara, erraza da jendeari barre eginaraztea?

Y. B. Ez, nik uste ezetz. Obra honekin barre egiten dute eta ondo pasatzen dute, baina orokorrean ez da erraza.

U. A. Ni neu oso barre errazekoa naiz, baina batzuetan kostatzen da, publikoaren edo plazaren arabera. Gaur [atzo], egia esan, pixka bat kezkatuta bagaude, Donostia berezia delako. Inoiz beste komedia batzuekin egon gara, ondo funtzionatu dute, baina gu agian ohituta geunden beste leku batzuetan barre algarak entzutera eta hemen suabeago edo... Eta gero esaten ziguten hemen izateko hankaz gora ibili zela jendea.

2011n estreinatu zenuten. Emanaldi asko izan dituzue?

U. A. Ez ditugu honekin hainbeste eduki... Pena izaten da batetik bestera tarte handia egoten dela eta berria balitz bezala lantzen egon behar dugula. Dantzak daude tarteko...

Telebistan arituak zarete biak, orain antzerkian zabiltzate eta ez zaizue lanik falta. Nola dago egoera?

Y. B. Gu konkretuki oso ondo gabiltza, lan eta lan. Glu Glurekin lan asko egiten dugu eta obra anitzak dauzkagu: musikal infantilak, beste komedia bat, Pabiloi 6-n ere «Cabaret Chiuaua» daukagu eta ia 70 bolo eman ditugu eta jarraitzen dugu... Ni «Goenkale»-n hiru urtez egon nintzen eta orain momentuz telebistan ez dago lanik. Baina antzerkian daukadan lanarekin bizitzeko behintzat badaukat.

U. A. Ni ere berdin. Glu Gluk antzezlan ezberdinak ditu, askotan batera gaude... Egutegia urtean zehar dexente betetzen digute. «Cabaret chiuaua»-n orain ordezkapen bat egitera sartuko naiz ni, eta ari gara hurrengoa prestatzen. Zorionez, guk urtean zehar lana dugu eta horretaz bizi gara. Errealitate orokorra agian ez da, ingurukoekin egoten gara eta ikusten dugu.

Y. B. Asko kostatzen da euskarazko antzerkia saltzea, antzokiek ez dute apustua egiten. Ez da sustatzen hemengo antzerkia, kanpokoak ematen du askoz hobea izan behar duela... Eta programatzaileak ez dira ohartzen hemengo antzerkiak kanpokoaren kalitatea baduela eta aukera gehiago emanda, hemengoa askoz hobeto joango litzatekeela.

U. A. Euskarazkoa gutxi programatzen da eta orain gainera helduen antzerkia gero eta gutxiago, baita gazteleraz ere. Askotan ekoizleek hartzen dute arriskua, lokala hartu eta takillarekin jokatuz.


Honi buruzko guztia: Udate