J.L.
Harri-jasotzea

Bost kirolari lehiatuko dira Elgoibarko San Bartolome Torneoan

Bost kirolarirekin jokatuko da gaur Elgoibarko plazan, 18.00etan, San Bartolome sariketa, eta saioa oso dotorea izango da, bertan arituko baitira Jokin Eizmendi, Igeldo Harria Txapelketako irabazlea, Izeta II.a, garaipena lortzeko faboritoa, eta Izeta III.a, egungo Gipuzkoako txapelduna. Horiekin batera Urpe eta Ugartemendia lehiatuko dira txapelaren bila.

Kirolari bakoitzak bi harri baldar erabili beharko ditu. Bata «Mintxeta» harria da, eta bestea, berriz, «Belaustegi» harria, eta bakoitzarekin, bost minutuko txanda bana izango dute lanerako.

Harri-zulatzen, berriz, Euskal Herriko Ligako azken jardunaldia jokatuko da gaur Trapagaranen, 19.30ean hasita. Burdin Gazteak, Errekatxo, Kabiezes, Las Carreras, Gallarta, Trapagaran eta KZ Kolpeka izango dira lanean arituko diren taldeak.

Aizkora

Atzo batu behar zuten Jon Rekondok eta Donato Larretxeak apustua egiteko, baina ez ziren batu. Rekondok bota zion desafioa Larretxeari, baina azken honek ez hartzeko hautua egin du. Orain, denak datorren astean Eneko Otañok eta Larrañagak egin behar duten bileraren zain geratzen dira.