Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Eredu hartarako eremua

Abuztua joan badoa, eta iraila dakar segidan; inoizko teknologiak aldatuko ez duen segida. Eta abuztuaren hondarrarekin batera urte politiko berria dator; zaharra amaitua balitz bezala! Zaharra berri, ofiziozko politikan. Lehendik diren gaiak dira mahaian segitzen dutenak, urte berrian gai zaharrak; horiexek bai iraunkorrak! Seguruenik, mahaia da aldatu behar dena, gaiok konpontze aldera, betiko mahaian gaiak horkonpondu egiten baitira edo. Mahaia eta mahaikideak, aldatu! Baina utz dezadan kontu hori albora, udako ikastaroen garaia amaitua baita dagoeneko. Tira, harira! Abuztuak bere azkena du gaurkoan. Eguraldia hizpide utzi duen uda, igogailurik gabeko etxeetan ere. Hodeiak eta ostarteak, laino pilaketa, euri langarra, pattal lehen, eguzkitsu orain, lardats gero, onaren mailari eusteko ezin, ekaitz zaparradak neurriko tenperaturan gozatuz... aberatsagoa da eguraldiaren hiztegia politikarena baino! Total, udan aterkia eskuan atera etxetik, orain guardasola, orain euritako.

Bai, politikariak bizkar-zorroa ari dira prestatzen, paperez zamatzen. Hastear dago ponentzia-urte berria. Borragoma ugari zorroan, goizean idatzia arratsean ezabatu behar den kasurako, eta zorrozkailurik ez, ustez ez baita zorrozteko unea, kamustekoa baino. Askotan, usteak ustel. Tira, Ajuria Eneko maizterraren harira! Ez du, bada, berrikitan esan berak Eskoziako eredua duela nahiago! Amatxo, amatxo!, zergatik ez zenidan niri eman halako argitasun politikoa! Maizterrak esan ez badu ere, buruan izango gutxienez! Eskoziako eredura ailegatzeko Kataluniako eremutik pasatu behar da, nahitaez! Beste gauza bat da ea jelkideek behar beste gurdi duten zeharkaldi horretarako, Hiriko lar txikia baita tamainako biderako. Fededun izatea ondo dago, are gehiago sinestuna izanda, baina demontre!, izan bedi mundu honetakoa, behintzat, fedea!, balizko beste munduko erabakiak ordurako utzita. Ez du, bada, maizterrak gehitu autogobernurako presarik ez dela! Abiadura handiaren fedea duenak hori esatea ere, demonio! Abiadurak neurrikoa behar du beti, ez arinago, ez geldiago; baina ostia!, hemengo abiaduraren neurria bertokoek jarri behar dugu, neurria eta norabidea. Gure eremua gure eredu bihurtuta. Eta horretarako zorrozkailuak behar dira zorroan.