GARA MADISON
SOKATIRA | Lur gaineko Munduko Txapelketa

Urrezko lehenengo domina iritsi da, bigarren egunean

Gaztedi 600 kiloko mistoan nagusitu da. Gainera, emakumeek zilarrezko domina irabazi dute 500 kilotan.

Euskal Herriko kirolariak sendo dabiltza Madisonen (Wisconsin, AEB) jokatzen ari den sokatirako Lur Gaineko Munduko Txapelketan. Selekzio moduan bertan parte hartzea gutxi balitz, euskaldunek beste bi domina -urrezko bat eta zilarrezko beste bat- eskuratu zituzten ostiralean, bigarren jardunaldian.

Saria jaso zutenak Laukizko Gaztediko kirolariak izan ziren -aurreko jardunaldian brontzezko beste bi domina ere irabazi zituzten-, 600 kiloko mistoan. Bizkaitarrek ez zuten proba erraza izan. Finalerdietan Herbehereetako TTV Eibergen taldearen aurka neurtu zituzten indarrak, eta, garaipena lortu eta gero, final handian TTV Jagersrust taldea menperatu zuten.

Horiek horrela, TTV Jagersrust Herbehereetako taldeak zilarra lortu zuen, eta, TTV Eibergen taldeak, brontzea. Laugarren postuan, berriz, Belgikako Fam taldea geratu zen. Erandioko Goiherri taldekoak ere proba honetan lehiatu ziren, baina ezin izan zuten finalerdietarako txartela lortu, parte hartu zuten hamar taldeetatik lehen laurak bakarrik sailkatzen baitziren.

Bestalde, Gaztedik zilarrezko domina ere eskuratu zuen ostiralean. Oraingoan, emakumezkoen 500 kiloko proban izan zen -beste euskaldunak ez ziren bertan lehiatu-, non sei taldek parte hartu zuten. Taiwango Jinmeiko kirolariek eraman zuten urrea, AEBetako DJ's A taldeak brontzea lortu zuen bitartean. Alemaniako Allgau Power Zell izan zen laugarrena.

Gizonezkoen 640 kiloko proban Euskal Herriko partaideek ezin izan zuten dominarik irabazi. 21 talderen artean, bi taldetan banatuta, Mutriku eta Gaztediko A eta B taldeak aritu ziren lehian. Ezin izan zuten sailkapena lortu, baina txukun aritu ziren denak. Aitzakiarik ez dago, baina aipatu behar da euskaldunak, aurkariekin konparatuz, ez direla hain lehiakorrak pisu gutxiagorekin aritzen direlako. Dena den, Mutrikuk, bere taldean, bosgarren postua lortu zuen.

Bigarren jardunaldiaren amaieran nazioarteko txapelketa honen aurkezpena egin zen, eta bertan Euskal Herriko selekzioak ikurrinarekin eta «Basque Country» kartelarekin zelairatzeko aukera polita izan zuen beste herrialdeekin batera.

Sokatirako Munduko Txapelketari beste bi jardunaldi falta zaizkio, atzo jokatzen ari zena -Euskal Herriak hiru probatan parte hartu zuen- eta gaurkoa -beste hiru probatan ariko dira euskaldunak-.