Surflari Ernegatua
ITSASOA

Balde bat ur hotz

Kritikoak leloak gara, gauzak alda ditzakegula uste dugu, baina alferrik gabiltza. Izan ere, hemen gauzak aldatzeko modu bakarra dago: bota ur balde bat burutik behera. Guk apur bat okerrago bizi behar dugu gose- egarriz hiltzen direnak askoz gutxiago izan daitezen. Galdera honakoa da: «Amets amerikarrean sinesten duzuen borondate oneko hiritar horiek prest al zaudete?»

Ohitura kristaua da kontzientzia garbitzeko pitokeriak egitea. Asko dira, esaterako, parranda bat egiteak sortzen dien kontzientzia karga arintzeko aurrez kirola egitera joaten direnak. Moralak agintzen du, eta horrela, pentsatzen duten moduan bizi eta bizitzen diren moduan pentsatzen dutenen artean banatzen da mundua.

Gehiengoak, mundu bakar bat dagoela uste du, eredu bakar bat, moral bakarra; hori da mundua. Hori ikusten ez dugunok, pitoak gara, gauzak alda ditzakegula uste dugu, baina alferrik gabiltza, hemen gauzak aldatzeko modu bakarra baitago: bota ur balde bat burutik behera.

Kontua ez da arazoei irtenbidea bilatzea, kontzientzia lasaitzea baizik. Horretan kirolariak maisu dira. Inoiz entzun duzue norbait bide erraza izan duela aitortzen? Denek izan dute ibilbide latza, eta askok dioen moduan, surfagatik ez balitz, dagoeneko hilda, gaindosiak jota edo kartzelan legoke. Egiaz sinesten dute american dream delako lelo leloa.

Geure garapenerako guztiok ditugun baldintzak ezin dira berberak izan, ezta benetan eskubideak guztiontzat berdinak izango balira ere. Izan ere, antzeko kontzeptu kolektiboez gain, milaka dira norbanakoan eragin dezaketen faktoreak. Bestela balitz, «Hirugarren Mundua» deitzen dugun horretan bizi den jendea ere ikusiko genuke goi mailako txapelketetan parte hartzen.

Istorio triste hauei kasu egiten badiogu, puntako lehiakide guztiak txirotasunetik eta egoera pertsonal gogorretatik datozela ematen du. Nire ustez ez dira gezurretan ari, baina berauek babesten duten diskurtsoak sortu duen irudi unibertsala bestelakoa da. Alegia, Mendebaldeko biztanleon bizitza orokorrean miserablea dela ez dut zalantzarik, baina zein da Mendebaldeko biztanleez daukagun irudia? Goseak akabatzen gaude edo herrialde aberats batean bizi gara?

Egiaz, kontatzen duten egoera txiro eta lazgarrietan hezi balira, bestelako balore batzuek garatu ahal izango zituztela pentsa daiteke. Beraz, zergatik botatzen dute balde bat ur hotz burutik behera ezertarako balio ez duela badakitenean? Orain, elkartasuna bezalako baloreak indartzeko surfa bitarteko egokia izan zitekeela genionak zuzen genbiltzala esaten digute «gobernuz kanpoko erakunde» izenez mozorrotutako enpresetako zenbait marrazok. Eta kexu dira, antolatzaileak beraiek direnean, sasi elkartasun eta keinu solidarioetan parte hartzen ez dugulako.

Oso sinplea da. Lagundu nahi duenak musu truk egin behar du lan, ezin izan daiteke eredu 200 euroko erloju batekin amesten duen inor. Diru bilketak ongi daude, gaur gai bat eta bihar beste bat izango da, baina beti limosna izango da. Guk (mendebaldarrok) apur bat okerrago bizi behar dugu gose-egarriz hiltzen direnak askoz gutxiago izan daitezen. Gazte denborako iraultza ipuin haiek sinetsi genituen mozoloak, parrandarako aitzakiarik behar ez dugun eroak, prest gaude. Galdera honakoa da: «Amets amerikarrean sinesten duzuen borondate oneko hiritar horiek (gehiengoa), prest al zaudete?».