Kontrabandistak
Atseden eguna. Iratzargailu gabe esnatu, lasai gosaldu, estres gabe. Tertulia luzea, egunkariak irakurri eta entrenatzera lasai. Segur aski, terraza baten kafetxo bat hartu entrenamendu erdian, eta lasai bazkaltzera. Eta bazkaldu eta gero, siesta sakratua.
Horrela, urteak joan, urteak etorri, Giroa, Tourra ala Vuelta izan, errutina hori behin eta berriz errepikatzen da. Atseden eguna, fisikoki errekuperatzeko ikaragarri ongi etortzen da, baina, gezurra badirudi ere, psikologikoki egiten du mesede handiena. Konparaketa bat egite aldera, astelehenetik ostiralera lanean denak emanda ibili denak asteburuan izaten duen lasaitasun sentsazio bera izaten dugu txirrindulariok. Noski, berbera gertatzen da inguruan ditugun mekanikari, masajista eta bestelakoekin ere.
Eta hori gutxi balitz, Skype eta Whatsapp bidezko elkarrizketen partez, familiaren bisita izaten da atseden eguneko momenturik ederrena. Beraiekin egon, hitz egin, ukitu, jolastu, muxukatu, eta, azken finean, etxetik irten eta azken bi asteetan egin gabe utzi eta horrenbeste faltan botatzen diren momentu horiek.
Zenbait taldetan pisuarekin eta elikadurarekin dagoen obsesio puntua dela-eta, etxekoek bisitatzen dutenaren gutizia gogokoenak hartuko dituzte, eta, gero, «kontrabandoan» bezala pasatuko dizkiote. Hala, txokolatezko gailetak, txokolatinaren bat edo beste, edota txirrindularitzarako aproposenak ez izan arren moralari izugarrizko gorakada ematen dioten jaki «erradiaktibo» horiek jasoko dituzte txirrindulariek etxekoen partetik: gominolak.
Etapa Aralarren bukatzen dela-eta nire taldekideak Iruñean daudenez, hoteletik pasa eta bisita bat egitera joango natzaie ni neu gaur afal orduan. Gainera, aurtengoan atseden egunean bisita txirrindulari gutxik izan dutenez, neuri egokituko zait kontrabandista lanak egitea. Beste edozein taldetan «konfiskatu» ahalko zizkidaten gauzak «pasako» dizkiet taldekideei: M&M txokolatinak, txokolatezko pastak eta gominola zakukada bat. Izan ere, zorionez, gurean oraindik ere erdi onartuak daude. Taldeko «ebento sozial» guztien antolatzaile den Popori [Yaroslav Popovych] utziko diot nik eramango dudan «merkantzia» zaindu eta kudeatzeko ardura, eta, atseden eguna baino egun pare bat beranduxeago iritsiko den arren, espero kideen morala igotzeko lagungarria izango dela.
Horrela bada, lasterketaren bigarren zatian, nire taldekideak «mejoran» ikusten badituzue, jakizue, medikuek txarra dela dioten arren, kontrabandista honek pasatako janari «erradiaktiboak» bere lana egin duela. Iaz Hornerrek bere hanburgesekin eskema denak apurtu bazituen, ia aurten Trekeko mutilek gominolekin beste teoria bat bera bota behar duten.....
Etzira arte, ondo izan.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
