Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Egun argian argirik ez

Itzela. Hitzik ez dut gertatua azaltzeko. Ez diot hiztegian ez denik, buruan ez dudanik baizik. Ez nuen holakorik espero, amesgaizto batean ere ez. Pentsatzea ere halakorik gerta zitekeela «lehenengoa» den munduan! Bai, aste honetan izan da, nire lantokian.

Alaitsu eta kementsu ailegatu nintzen hara, goizero bezala, eta, hara!, zerbait arraroa sumatu nuen pasilloko airean; ez zen giro. Bulegora sartu, ordenagailua piztu eta, hara!, susmoak gauzatu egin ziren aitaren batean! Trastearen argia ez zen isiotu! Jainkoarren! Ez da argirik! Argirik ez! Nerbioek jota pasillora atera nintzen amen batean eta etengailu guztiak sakatzen hasi nintzen nire onetik aterata edo.

Egia esan, egon horrela nengoen, moda-ibiltokiko modelo bat ile-apaindegitik atera berritan iragarri gabeko ziklogenesi batek harrapatuta baino etsiago. Bai zera, niri bost axola didate ziklogenesiek, baina argirik gabe geratzea! Ama, ama! Noiz eta gauza bat premiaz idatzi behar nuen egunean! «Hau akabua!», pentsatu nuen.

Ordurako pasilloa jendearen mugimenduaz betetzen zen hasia, ur-botila hutsa esku batean eta mugikorra beste belarrian, urduri, zer ikusirik ez zonbien ibilerarekin, gehienak etengailuak sakatzen ezker-eskuin, alferrik. Etsipena nagusi. Benetan, ez diot inori holakorik opa. Argindarrik ez, idatzi behar duzun egun argiko goiz batean! Ezin adierazizkoa.

Total, mantentze-lanetan ari direnengana jo nuen, argibide eske, jakina!, baina gogor saiatzen ari zirela ikusita atzera egin nuen nire txokora. Gero eta jende urduri gehiago han-hemenka, batzuk leiho-hegian beren burua bota nahian edo, beste batzuk hotzikaraz izerditzen bazterrean, eta baziren ere lurrean larrua jotzen zihardutenak, ordukoa azken eguna balitz bezala. Eta nik idatzi beharra! Eskerrak banekiela boligrafoa erabiltzen, hainbatek arazoak izan baitzituen trastea eskutik isurtzen zitzaiola.

Baina gauzak txarto paratzen direnean okerrago ere izan daitekeela zioen legearen egile hura bai baikorra gero! Argirik gabe segituta ere ez zen bada mugikorren estaldura joan! Hau bai akabua!. Behintzat hasi ziren belarriak ikusten pasilloan, gaitz erdi! Gero jakin nuen batzuen autoa ez zela martxan jarri... eta autobusa non hartu jakin gabe bulegoan egin zutela lo. Gauean argia zen.