Aitor Agirrezabal
Kazetaria
IKUSMIRA

Beldurraren kanpaina beldurtua

Duela bi urte, Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuek Edinburgoko akordioaren sinatzearekin bidearen zati honi hasiera eman ziotenean, alde bakoitzak ederki finkatu zuen zein izango zen bere kanpainaren nondik norakoa. Independentziaren aldeko kanpainak, defendatzen duten «Bai» bozari ohore eginez, mezu positiboa plazaratu du, burujabetasunak irekitzen dizkien ateak goraipatuz. Unionistak, aldiz, lehen unetik independentziak suposatzen duen aldaketa eta ezjakintasunaren inguruan zalantzak eta beldurrak sortzen saiatu dira, euren buruari «Beldur Proiektua» izena jartzeraino. Ongi definituta, bai horixe!

Baina eskoziar gizartea beldurtzeko asmoa zutenek izututa amaituko dute kanpaina. Askotan entzun dut Westminsterreko Gobernuak erreferenduma onartu bazuen, unionismoa gailenduko zen dudarik ez zutelako onartu zuela. Ez dakit horrela den, baina azken inkestaren ostean, non lehen aldiz «Yes» boza gailentzen den, alarma guztiak piztu dira Londresen. David Cameronek ez du kanpainan ofizialki parte hartu nahi izan. Eta ofizialki diot. Bere metropoliko eserlekutik behin baino gehiagotan bidali ditu mezuak eta. Dena den, jende gutxik espero zuen Cameron eserita geratuko zela inperioa desegiten zitzaion bitartean. Eta hala izan da. YouGoven inkesta ezagutu eta ordu gutxitara bere finantza ministro George Osbornek erreferendumaren kanpainaren oinarri guztiak zapaltzen dituen botere eskaintza bat iragarri du. Oso demokratikoa dena.

Better Togetherrek erreferendumaren oso ikuspegi ezkorra azaldu du lehen unetik. Mezu negatibo horrek jendea nekatu egin du, bizkarra emateraino. Beldurra gailenduko zen beldur nintzen ni. Beldurra gailendu eta ezetzak irabazi. Eta beldurra inposatu da, bai, baina euren pribilegioak Erresuma Batua den eremu politikoarekin batera desager daitezkeela ikusten duten horien artean. Bide batez, Madrilen ere nahiko urduri dabiltzala esango nuke, ezta?