Jon LEUNDA
Aizkora Txapeldunen

Rekondok saioaren zatirik handienean egindako lanaren ordaina jaso du

Jon Rekondok irabazi zuen atzo Urdulizen jokatu zen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa. Hasieran Ander Erasun zen aritzekoa, baina azkenean Juanjo Lopez izan zen lanean aritu zen aizkolaria.

Bi aizkolari nafarrek oso norgehiagoka polita eskaini zuten, nahiz eta Rekondok beti kontrolpean izan zuen neurketa. Kirolari bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen, eta horietako bost bereganatu zituen Jon Rekondok.

Leitzarra lehen lanetik hasi zen aldea ateratzen, eta apurka-apurka zuloa egiten joan zen. Probarik gehienak azkeneko lanean erabakitzen dira, eta atzo ere horrela izango zen susmoa zegoen, baina ez zen horrela izan, amaierako probarako nahikoa bidea egina baitzeukan aizkolari leitzarrak.

Bost proba irabazita, 52 segundoko aldearekin iritsi ziren iraupen probara bi aizkolariak. Rekondo aurretik zen, eta saioa nahikoa bideratuta. Hala ere, azkeneko proban Lopez gailendu zen. Lau kana-erdiko ebaki behar izan zituzten aizkolari bakoitzak azkeneko proba horretan. Juanjo Lopezek jo beharra zeukan garaipena lortu nahi baldin bazuen, eta jo ere egin zuen, nahiz eta ez zion atzoko proba irabazteko balio izan. Hala ere, azken saio behintzat eraman zuen. 13.25 izan zen bere denbora eta 14.17 Jon Rekondorena.

Sei probetako denborak batuta, ordea, Rekondorena izan zen onena, berak 24 minutu behar izan zituen dena amaitzeko, eta Juanjo Lopezek, aldiz, bereak amaitzeko, 24 minutu eta 25 segundo behar izan zituen.