«¡Sálvese quien pueda!»
Ez da aurreneko aldia onartzen dudana etxetik zutabea egitea lasterketan egitea baino askoz gehiago kostatzen zaidala. Lasterketan, adrenalinak, edo tensioak, idatziko dudan zutabearen gaia lasterketan bertan ekartzen dit burura; autobusera iritsi, dutxatu eta zerbait jaten dudan bitartean, zutabea idazteari ekiten diot berehala ideia hori abiapuntu. Argi dago lasterketan zaudenean gauza gehiago gertatzen direla eta gauza gehiagoz enteratzen zarela, eta beti gertatzen da zerbait jendeari kontatu eta azaltzea nahi duzuna.
Etxetik urrun ibili naizen bitartean, lasterketa barruan gertatzen diren txutxu-mutxuetatik urrun ibili naiz, baina etxera etorri, eta berriz eguneratu naizenean, Camperona bidean gertatu zen gauza bitxi baten berri eman zidaten, eta nire hurrengo zutabean idazteko baimena eskatu nion bertarako protagonistari. Kontua da Aitor Galdos ermuarra, txirrindulari ohia eta gure entrenamendu grupeta-ko kidea, gure taldeko masajista bezala hasi dela denboraldi honen bigarren zatian. Part time moduan hasi zen, baina azkenean egun mordoxka bat egitea egokitu zaio, eta, aurten emandako maila onak, gainera, datorren urterako lana emango dio ziur aski. Baina Camperona bidean egokitu zitzaion pasadizoak are eta puntu gehiago eman dizkio urte osoko lanpostua lortzeko bidean.
Aitorrek, Vuelta honetako aurreneko astea masajista moduan egin zuen. Lehen astea beteta, etxera itzuli zen, eta Camperonako etapan, bere eskuetatik igarotako mutilak ikusi eta animatzera joatea erabaki zuen. Camperonako helmugatik bi kilometro ingurura zegoela, Vuelta honetan bere masajista mahaian etzanda egondako Fabio Felline italiarra pasa zen, aurrekoetatik atzeratuta. Keinu egin eta Ametsek bizikletan baino oinez igotzeko aproposagoa zela zioen maldatzarra eskalatzen hasi zen. Baina, gizarajoa, aldapa gogorrenean eta kateak tentsio ikaragarria duenenean, garapenez aldatzen saiatu zen eta bere atzeko kanbioak «aski da» esan zuen; pitzatu eta botata utzi zuen Fabio.
Trekeko aurreneko autoa aurrean zela eta bigarrena oso atzean zegoela jakinik, Fabiok buelta eman eta Aitorrengana jo zuen lasterketaren kontrako noranzkoan (berez debekatuta dago...), eta, hala, bere masajistarena iritsi eta honakoa esan zion: «Aitor, kanbioa apurtu dut, utzi zure bizikleta eta zapatilak eta zure bizikletan egingo dut lasterketaren azken zatia». Aitorrek, orduan, bere zapatilak eta bere Orbea bizikleta txintik esan gabe hartu eta Fabiori pasa zizkion. Jarraian, oinutsik, Fabiori bultza egin zion eta gorantz abiatu zen italiarra; hala, Trek etxea babesle izan arren, Aitorren Orbea bizikletarekin amaitu zuen etapa italiarrak.
Sarritan entzun izan dugu txirrindularitza superbibentzia kirola dela, eta adibide honek erakusten du, askotan, indartsua izateaz gain, «bixia» ere izan behar dela. Horrelako etapetan, askotan, bueltako karabanak ekiditearren bigarren autoak desbideratu egiten dira, eta, ondorioz, matxura bat izateak lasterketa bukatu ezinik geratzeko arriskua ekar diezioke txirrindulari bati. Egia esan, baina, Fabio eta Aitorrek ongi baino hobeto salbatu zuten egoera.
Horrela bada, Santiagora iritsi arte, eta azken egunotan ikusi ditugun ukabilkada eta boxeo teknikak alde batera utzita, bakoitzak ahal bezala salba dezala bere burua. «¡¡¡Sálvese quien pueda!!!».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
