Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Beltzak beroa xurgatu

Hiztegiak halaxe definitzen du tradizioa: «iraganalditik ondare gisa jasotzen den pentsatzeko, egiteko edo aritzeko era». Amen. Bada, kontuan hartuta orainaldian, iraganekoaren aitzakian, batzuek, asko edo gutxi izanda ere, pentsatzeko, egiteko eta aritzeko erakutsi duten era, madarikatu egiten dut ondarea ulertzeko modu hori. Are gehiago, sagarkatu, okarankatu eta bananakatu ere egiten dut, azken aditzak hiztegiak jasotzen ez baditu ere; argi utzita interesik ez dudala aditzok geroko tradizio modura uzteko! Aritzeko era! Ustez jaian oroitzen duten gizonezko mundu hartako gertaera haren garaian plastikoak ere ohikoak ziren kale bazterretan! Beltzak, jakina! Kapaz dira Kantauri itsasoan garai bateko piraten alarde haiek berpizteko, tradizioz, betikoa omen dena zinez betikotzeko. Zerikusirik ez kilometro gutxira, kostari jarraituz, udaldean izaten diren beste piratekin, bestelako piratekin. Gaurko jaietan atzoko tradizioa beti zertan ezarri ez den seinalea.

Total, lehengoan hor ibili nintzen, lupa eskuan eta begia lupan, urtean behingo Meteosateko argazkiaren beltzune harena arakatu nahian. Irrikitan nengoen, plastiko beltzaren atzean ezkutatzen ziren gazte haien kuleroak nolakoak izango ziren jakin-minean. Baina imajinatzen nuen, tradizioak tradizio, beren birramonenen antzekoak izango zirela! Atzoko haiek behintzat eduki zezaketen gaurko horiek ez duten aitzakia. Izan ere, munduak biraka segitu du gizonezko mundu hartako gertaeretatik, eta ez dago hori geldituko duen plastikorik. Kontuak kontu, ez da harritzekoa azken egunotako bero sapa, beltzak xurgatzen baitu! Are gehiago kaleko zementuan!

Tradizioagatik balitz, agur Bideak! Berdin Eskoziakoa, Kataluniako edo gurea izan. Agur Ben-Hur! Honena bai tradizioa! Baina zuri-beltzean zen sikiera, ez beltz soila, demontre! Agur ere Bide ordez batzuek lehenesten duten biribilgunea! Eta agur euskal selekzioei ere! Ez genuen ikusiko lehendakari bat sokatira-selekzioa etxean hartzen. Portzierto, ikasiko zuen zerbait kirol horretatik politikaren zelaian erabiltzeko! Ala azken urteko tradizioari eusten segituko du? Seguruenik, sumo-selekzioa lehenetsiko du, batetik tradizioaren menpe ez dagoela agertzeko, eta bestetik bere aparatuko asko kirolaren beharrean direlako...