Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

13 ikasleren indarra

Hamahiru ikasle eta beste horrenbeste guraso, laguntzaile eta abarren uhina altxatu da itsasbazterrean kokatua den Ziburuko auzapezaren ekintzen bitartez. Alta, behar lituzke uhin handien ondorioak ezagutu. Hots, Erdi Arora, alegia, duela aspaldi ezagutu genituen jarreretara eraman nahi izan gaituela auzapezak. Ez daki euskaldunen komunitatea aldatu dela, eta hor dugu martxan. Gaur egun ikastola baten irekitzearen nahikeriaren kontra joateak prezioa du, baita prezio politikoa ere, ea horretaz ohartzen diren hemen hizkuntza bakarra inposatu nahi duten horiek!

Urruñako besten karietara, 700 euro bilduak izan dira ikastolari jartzen zaion isunaren ordaintzeko. Hastapenetik Ziburuko ikastolak elkartasun mezu pila errezibitu ditu. Hau gozamena izan da buru-belarri borroka horretan sartuak izan direnentzat. Txapela Laidarentzat! Sarako bestek ere une berezia eskaintzen dute aurten betiko ospakizunetatik aparte. Izan ere, aurten hautatua izan den auzapezak eta hautetsi guztiek bat egiten dute Udalbiltzarekin. Ia-ia lehen udalerri liberatua dugu Lapurdin. Sarak bidea erakusten du euskal instituzio bakarrari babesa emanez; Euskal Herriaren eraikitzeko euskaldunok gure eskolan, gure instituzioetan sinistuz aitzina egiten baitugu. Gure bihotza Saran izanen da astelehen honetan!

Kataluniak katalanen esku egotea aldarrikatu du Diada egunean, era erraldoian. Katalunian uhin handia sortu da, geldiezina, estatuek ikusi nahi ez dutena. Zer dio Hollandek? Ba al daki Kataluniaren zati bat Frantziaren menpe dagoela, kolonizatua? Behintzat ez du inoiz horren aipame- nik egiten, ez bere alderdiak, ez beste alderdiek ere. Frantzia ukapenaren estatua bihurtua da.

Eskoziak libre izan nahi duela agertzen ari da inkestetan erreferendumaren bezperan. Han erreferenduma egitea onartzen baitute! Madrilek ez du horrelakorik onartzen ez bailioke independentziaren eskaerari errespetuarekin erantzunen.

Hau mundu eroa, indartsuek demokrazia aldarrikatzen dute munduaren beste aldean dauden herrientzat, lurralde osoak bonbaz lehertuz. Demokrazia beren zentroetan ez zaie hain bikaina iruditzen, askatasunak ez baitu bat egiten boterearekin. Alta, XX. mendearen hastapenetik Europako mapa asko aldatu da. Euskal Herriak ere independentzia merezi du! Botereek herrien nahiak geldiezinak direla ez dute ulertu nahi. Maila apalean Ziburuko ikastola horren lekukoa dugu. Kataluniak eta Eskoziak horren berri emanen digute.