Jon LEUNDA
Aizkora | Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa

Atutxak lehen mezua bidali du

Aizkolari bizkaitarra izan zen kanporaketako onena. Nazabal, Otaño, Olasagasti, Azurmendi eta Otaegi ere finalean izango dira.

Aitzol Atutxa, Floren Nazabal, Iñaki Azurmendi, Unai Otaño, Joxemari Olasagasti eta Joseba Otaegi izango dira urriaren 26an Beasainen jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako final nagusian. 500 ikusle inguru batu ziren herenegun gauean Aiako pilotalekuan, eta aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Finalean izango duten lanaren erdia egin behar izan zuten.

Maila, berriz, Jexuxmari Mujikak galdu zuen, eta datorren urtean Bigarren Mailan arituko den aizkolaria zein izango den ikusi egin beharko da. Kanporaketan Saralegi izan zen azken-bigarrena, eta bestetik Lopezek ezin izan zuen kanporaketan izan, gaixorik zegoelako, eta bi horiek jokatu beharko dute mailari eusteko kanporaketa. Galtzen duenak Lehenengo Maila galdu egingo du.

Hiru multzotan banatuta neurtu ziren aizkolariak. Lehenengoan, Azurmendi, Otaegi, Irazu eta Saralegi lehiatu ziren. Multzo honetatik bik lortu zuten finalean izateko txartela. Lehia polita izan zuten, eta azkenean garaipena Azurmendik lortu zuen, Otaegiri 20 segundoko tartea kenduz. Irazu sailkatu zen hirugarren, eta Saralegik itxi zuen multzoa. Leitzar gazteak orain zain egon beharko du zer gertatzen den jakiteko.

Bigarren multzoa oraindik eta hobea izan zen. Nazabal, Atutxa, Erasun eta Mujika neurtu ziren. Atutxa izan zen multzo honetako aizkolaririk onena, baita kanporaketako onena ere. Bizkaitarrak itxura aparta eman zuen, eta txapela lortzeko bere hautagaitza aurkeztu zuen.

Bigarren Nazabal sailkatu zen. Arazo fisikoak izan ditu Etxarrikoak, eta ez irteteko zorian ere egon da astean zehar, baina azkenean bigarren postua lortu zuen, bai bere multzoan eta bai sailkapen nagusian. Bera ere finalean izango da. Erasun sailkatu zen hirugarren postuan, baina ez da azkeneko egunean izango. Mujikak itxi zuen bai multzoa, eta bai sailkapen nagusia, eta Ibarrakoak datorren urtean Bigarren Mailan lehiatu beharko du, berriro igotzeko itxaropenarekin.

Hirugarren multzoa ere oso polita suertatu zen. Unai Otaño izan zen onena, eta atzetik Joxemari Olasagasti sailkatu zen, eta biak sartu ziren finalean. Hirugarren postuan Jon Rekondo geratu zen.

Bost bikoterekin jokatuko da Binakako Arabako final nagusia

Gasteizen, Olarizuko belardietan, jokatuko da gaur, 18.00etan, Arabako Binakako Txapelketako finala. Bertan, Zubiaga eta Ruiz de Aretxabaleta, Arkaitz Jauregi eta Gaizka Lopez, Kintana eta Juan Carlos Lopez, Kortxero eta Aitor Jauregi, eta Llanos eta Rodriguez II.a izango dira parte hartuko dutenak.

Bikote bakoitzak bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Arabako Federazioa bikoteak orekatzen saiatzen da, eta oso ongi geratu dira. Zubiaga da bakarkako txapelduna, eta bera beti kontuan hartu behar da, nahiz eta Gaizka Lopez gaztearekin arituko den. Hala ere, Llanosek eta Rodriguez II.ak osatzen duten taldea oso kontuan hartzekoa da, eta txapela eurek lortuko balute, ez litzateke inongo ezustea izango. Urteroko moduan, saio honek jendetza handia batuko du Olarizun. J.L.