Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Ikuskizuna Trestleseko olatuetan da egunotan

ASP zirkuituko txapelketa ospetsua hasi da eta aste honetan amaituko da.

Munduko lehiakide onenak Kalifornian dira egunotan, Trestleseko olatuetan lehian. ASP zirkuituak aurrera jarraitzen du eta San Clementen izango diren emaitzek azken txanparako bultzada emango dute.

Mutilen kasuan, WCT itzulia osatzen duten hamaika txapelketetatik zortzigarrena da Trestlesekoa. Egun, ranking orokorrean Gabriel Medina brasildarra da buru, eta pilatuak dituen puntuei esker lehen postuan jarraituko du txapelketa honen ostean, baita lehen txandan kaleratua izanda ere.

Hala ere, mutilen itzuliak azken bueltan zer-nolako norabidea har dezakeen jakiteko emaitza interesgarriak izan daitezke Trestlesekoak.

Nesken kasuan, bederatzi txapelketek osatzen dute aurtengo WWCT itzulia eta Kalifornian egiten ari diren txapelketa zazpigarren geldialdia da. Ranking orokorrean Carissa Moore hawaiiarra da buru, baina Sally Fitzgibbons australiarrak oso gertutik jarraitzen dio.

Honi buruzko guztia: Surfa