EH Bildu: «Ez da lege kontua, borondate politikoa da»
Eskoziarrek gaur hartuko duten erabakiak Eskozia aldatu dezake. Baina, era berean, mundu berri baten mapa marrazten hasteko lehen pausoa ere bada, berez; eta horregatik, Euskal Herriak ordezkaritza zabala du atzotik Edinburgon.
EH Bilduk, eredu duten gertakizun honetan, argi du gakoa: «Prozesua oso era demokratikoan eraman dute. Ez da lege kontu bat izan, baizik eta borondate politiko kontua», hausnartu zuen Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak. Berarekin batera, Josu Juaristi, Maribi Ugarteburu, Pello Urizar, Lorena Lopez de Lacalle, Maite Iturre eta Iñaki Irazabalbeitiak hartu dute Eskoziarako bidea. EAJk, bere aldetik, Andoni Ortuzar, Iñaki Goikoetxea, Joseba Aurrekoetxea eta Aitor Olaizola burukideak, eta Jose Maria Etxebarria bidali ditu. Lakuak, ordea, ez du sailburu bakar bat ere bidali, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia du ordezkari gorena Eskozian.
EH Bilduko kideek baiezkoaren aldeko kanpainarekin bat egin zuten, Green Party-ren eta Radical Independence-ren ekimenetan parte hartuz: «Guri ez dagokigu esatea eskoziarrek zer bozkatu behar duten, baina Eskoziaren etorkizuna ziurtatzeko balizko botoa baiezko botoa da», argudiatu zuen bertan Iñarrituk.
Ildo beretik jo zuen Udalbiltzak bere adierazpen instituzionalean: «Emaitza edozein izanik ere, arrakasta erabakitzeko eskubidea baliatzean datza». Euskal Herrian duen jarraipenaren harira, «aukeraz beteriko garaia» hasiko dela nabarmendu du Udalbiltzak, baina aldeak badaudela ohartaraziz, izan ere, Eskozia nazioa dela onartuta dago irlan, eta aldiz, «oso bestelakoa da Euskal Herriaren edo Kataluniaren egoera, nazio izaera ukatuta baitute».
Ortuzar: «Eskozia irabazle»
Euskadi Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzarrek ere, emaitzatik harago, erabakitzeko eskubidean jarri zuen jomuga, Edinburgoko gazteluaren ondoan eginiko adierazpenetan: «Zorionak Eskoziako jendeari, herri bezala erabakitzeko duen eskubidea erabili eta etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeagatik».
Prozesu honetan Eskozia dela irabazlea nabarmendu zuen: «Baiezko edo ezezko emaitza izanda ere, erabakia bertako jendeak hartuko du». Ondoan, CiUko Aleix Sarri izan zuen jeltzaleak.
Arrats partean, EH Bilduko kideek Radical Independence kanpainaren amaierako ekitaldian parte hartu zuten, non Jordi Masdeu CUPeko bozeramaileak hitza hartu zuen: «Independentzia ez da muga kontua, justizia kontua da. Ekin askatasunerantz!». Azaroaren 9a buruan, gainerako hizlarien hitzek ere gogorarazi zuten Madrilgo Gobernuak iragarri duen debekua.
Euskaldun eta katalan ugari daude egunotan Edinburgon, eta milioika begira, baina «beste batzuk dira hemendik gehiago ikasi beharko luketenak», esanez amaitu zuen CUPekoak.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
