Aitor AGIRREZABAL EDINBURGO
ERREFERENDUM HITORIKOA ESCOZIAN

Euskaldunak ere Edinburgoko kaleetan, noizbaiteko esperantzaz

Argi dago Eskoziak atzo hartu zuen erabakiak bertako mugetatik haragoko oihartzuna ez ezik eragina ere izango duela. Adibide gisa, European Free Aliance (EFA) koalizioko kideek argi utzi zuten erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta bakarrik berma dezakeela herri batek bere etorkizuna. «Erabakitzeko eskubidearen bidez soilik berma daitezke oinarrizko eskubideak», eman zion hasiera Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatuak Edinburgon egindako ekitaldiari.

Etorkizuna eraikitzeko aukera, hori izan zen atzoko gakoa. Nazioarteko ordezkaritza baten aurrean, Eskoziak, Kataluniak eta Euskal Herriak «euren biztanleen desioaren bidez» etorkizunean zer-nolako herri eta gizarteak eraiki nahi dituzten erabakitzeko eskubidea dutela defendatu zuen irmo Juaristik.

Erreferenduma deskribatzerakoan, hitz bat errepikatu zen Eskoziara gerturatutakoen artean: demokrazia. «Independente bihurtzea edo ez, haiek erabakiko duten zerbait da», amaitu zuen EH Bilduk Bruselan duen ordezkariak. Bere hitzaldia CUP, ERC, Chunta Aragonesista eta Partitu di a Nazione Corsak ere sinatu zuten, besteak beste. Horrez gain, Rocco Garoby EFAren lehendakariak hausnarketa hau mahaigaineratu zuen Edinburgon egindako ekitaldian: «Desberdin bezala onartuak izatea da gure jomuga». Era berean, «aniztasuna batasunaren oinarri» dela erantsi zuen. «Gure helburua berdinen arteko Europa bat lortu eta bertan bizitzea da», amaitu zuen.

Ildo beretik aritu zen Ana Miranda BNGko ordezkaria, Europako hauteskundeetan EH Bildurekin zerrenda osatu zuena. «Bi helburu ditu ona egin dugun bideak: Eskoziari elkartasuna adieraztea eta hemen erakutsi duten heldutasun demokratikoaren eredua zabaltzea». Beste behin, erabakitzeko eskubidea garaipen gisa irudikatu zen bere hitzaldian.

Euskal Herriak ere bere bidea hartu du, eta iragan ekainaren 8an Gure Esku Dago ekimenak egindako giza kate erraldoia da horren eredu. Atzo ere Edinburgon izan ziren ekimeneko ordezkariak, beste euskaldun askorekin batera. Edinburgorako autobusa hartzeko lekua Abandoko metro geltokiarekin nahastu zuenik ere izan zen...

Jai giroan

Eskoziako hiriburuko kaleak zapaldu zituztenen artean Manu Gomez EtxarriA13 plataformako bozeramailea zegoen. Etxarri Aranatzek lehen harria jarri zuen apirilean egindako independentziaren gaineko galdeketarekin, orain Usansolok hartu dio lekukoa eta han jarriko dute bigarren harria. «Harriz harri, herriz herri» leloak Edinburgoko gazteluko harritzarrean jaso zuen atzo bultzadarik handiena.

Antzeko egun bat Euskal Herrian bizitzeko irrika ez zuen ezkutatu Gomezek: «Inbidia sanoz bizi izan ditut egunok». Argi dauka helburua: noizbait, nolabait, Euskal Herrian horrelako jardunaldi bat bizitzea. «Burugogorrak gara, ez gara ez nekatzen ez aspertzen, eta amaieran lortuko dugu».

Euskaldunak bi helbururekin gerturatu dira Eskoziara. «Gure babesa ematera etorri gara, baina baita gure berri ematera ere», erantsi zuen Gomezek. Euskal Herria ez dela erabakitzeko eskubidea praktikan jartzerik ez duen herri bakarra ere gogoratu zuen, munduan egoera berean nazio ugari daudela gogoratuz.

Akordeoi eta panderoa eskoziar gaitarekin uztartuz, euskaldunek ere beren apurra eskaini nahi izan zioten atzokoan Edinburgon bizitako giroari. Bertakoen, turisten eta nazioarteko hedabideen arreta erakarrita, euskal ikurrek kolorea eman zioten «eskoziarren jai demokratikoari». Euskaldun askok, gainera, botoa emateko aukera ere izan zuten. Miren Altuna azpeitiarrak argi zuen: «Gaurkoa [atzo] Eskozia aldatuko duen eguna da, baina hemendik haragoko oihartzuna ere izango du. Erresuma Batuaren inperioaren desegitea sistema baten agurra ere bada». Erreferendumak Euskal Herrian ere eragina izango duela argi du: «Oihartzun latza izango du. Geldiezina den olatu batean daude bai gure prozesua bai Herrialde Katalanetakoa ere».

Ortuzar, «zirrarak jota»

Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere Edinburgon barna zebilen atzokoan, eta «zirrarak jota» sentitzen zela adierazi zuen. «Kanpotik etorri garenok ia hemengoak baino ilusionatuago gaude -esan zuen jeltzaleak-. Eskoziarrek argi dute zer duten jokoan, baina inbidia sortzeko moduko lasaitasun eta indar demokratikoarekin jokatzen ari dira».

Ortuzarren esanetan, erreferendumaren emaitza bat ala bestea izan, «dagoeneko irabazi dute. Eta Ingalaterrak ere irakaspen aparta eman digu, demokrazia irakaspena».