Jon LEUNDA
Aizkora

Finalerako bost txartel banatuko dira Uharten

Nafarroako Lehen Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da bihar arratsaldean, 17.30ean, Iruñerriko Uharte herrko Toki Alai pilotalekuan. Bertan, Floren Nazabal, Jon Rekondo, Ruben Saralegi, Ander Erasun, Donato Larretxea, Oihan Larretxea eta Julen Kañamares lehiatuko dira. Maila honetan beste aizkolari batzuk ere baziren, baina ez dira arituko.

Antonio Senosiainek eta Manolo Kañamaresek uko egin diote parte hartzeari, eta, beraz, bi horiek izango dira maila galduko dutenak. Juanjo Lopez, berriz, gaixorik dago. Pasa den astean jokatu zen Euskal Herriko kanporaketan ere ez zen izan, eta biharko ere ez dago lehiatzeko moduan.

Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu. Finalean izango duten lanaren erdia izango dute. Aurreneko bost sailkatuek lortuko dute urriaren 5ean Etxarri Aranatzen jokatuko den finalean aritzeko txartela.

Aizkolari gazteek hartuko dute protagonismoa aurtengo txapelketa honetan. Nazabal eta Larretxea dira 40 urte pasa dituzten bi aizkolariak, gainerakoak hortik beherakoak baitira. Berri hori oso ona da, azken batean etorkizuneko finalistak eta txapeldunak hor baitaude.

Faboritoak aipatzerakoan, Floren Nazabal da horietako bat. Gerrietako arazoekin ibili da, baina, azken orduko arazo handiren bat ez baldin badu, Etxarrikoak finalean izan behar du. Azkeneko saioa, gainera, bere herrian jokatuko da, eta berak inondik inora hutsik egin nahiko ez duen saioa izango da hori.

Jon Rekondok ere finalean izan beharko luke. Euskal Herrikotik kanpo geratu da, eta, norbaitek huts egiten badu ere, zaila izango du sartzea. Arantza kendu nahiko du, eta finaletik kanpo geratzea ezuste handia litzateke.

Donato Larretxea izango da kanporaketako zaharrena. Urtean zehar bakarka honelako lan gutxitan aritzen da orain. Maila handia izaten jarraitzen du, eta, finalean sartuko balitz ere, ez litzateke ezuste handia izango.

Ander Erasun pasa den astean Euskal Herriko finala jokatzetik oso gertu geratu zen, baina ez zuen lortu. Nafarroakoan beste aukera bat izango du, eta normalean sartu beharko luke.

Ruben Saralegik ere ez zuen lan txarra egin Euskal Herriko kanporaketan, baina finaletik kanpo geratu zen. Maila handia eta etorkizun ikaragarria ditu leitzar gazteak, eta finalean sartzea ez litzateke ezustea izango.

Oihan Larretxearengan ere itxaropen asko daude, baina azken urte hauetan ez du aurrera gehiegi egin. Donatoren semea, ordea, oraindik oso gaztea da, beraz, denbora badu berea egiteko. Inor jaitsiko ez dela jakiteak lasaitasuna emango die gazte guztiei, eta horrek seguruenik ere eurek dutena erakusteko aukera gehiago emango dizkie. Julen Kañamares ere ez da ahaztu behar, nahiz eta azkenaldian trontzan ere badabilen.