Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Gora demokrazia! Gora Eskozia!

Ez naiz «eskoziologoa». Halako asko agertu dira, eta are gehiago azalduko, baina oso mugatua da ene Eskoziaren ezagutza. Burura datozkit gertatu dena ulertzeko ideia batzuk, denoi bezala, baina egia esan, hobe patxadaz hartzea egin beharreko azterketa. Izan ere, beharrezkoa da, gure euskal bidearen ikuspegitik, besteen garaipen eta porrotak aintzat hartzea, baina hain zuzen ere horregatik, azalean gelditzeko tentaldia baztertu behar da.

Emaitzak ezagutu bezain laster, oportunisten garaia hasi da eta gaurko status quo-aren justifikaziorako faktoriak bor-bor daude jada, komeni zaien irakurketa zabaltzeko. Egoeraren irakurketaren ingurukoa lehia politiko garrantzitsua da, eta, hemendik aurrera, Eskoziaren independentziaren kontrakoek urrats berriak emanen dituzte «nazionalismoa» satanizatzeko. Batzuek, zitalki, gertatutakoa Europaren egitasmo zonbia berpizteko baliatuko dute. Beste batzuek, argi mintzatuz, arazoa herritarrei galdetzea izan dela aitortu dute, hau da, ez zaiola jendeari hitza eman behar.

Badirudi hau dela hainbat esparrutan zabaltzen ari den hausnarketa: arriskurik gertuena pasa da, Eskoziak ez du independentzia hautatu. Baina sakoneko arrisku zabalari aurre egin behar zaio: herriek erabakitzen badute, akabo egitasmo neoliberala! Demokrazia eta mundializazio kapitalistaren arteko lehia ere bazen Eskoziarena, ez independentistak antikapitalista iraultzaileak edo antzeko zerbait zirelako (ez da hala, dakigunez), baizik eta ezarritako ordena kolokan jarri dutelako, herriaren erabakiari lehentasun osoa emanaz.

Agenda neoliberalaren gakoetako bat demokraziaren mugapena da. Erabakiak kapitalaren menpeko estatu egiturek eta kapitalaren beste eragileek hartu behar dituzte, ez herriek. Ikusi dugunez, estatuek eta kapitalak tresnak dituzte herritarren erabakiak ere baldintzatzeko, baina hobe suaz ez jolastea. Honakoa da batzuek azpimarratu nahi izan duten ikasgaia: hau ezin da inola ere berriz gertatu.

Guretako lehen ikasgaia, horregatik, demokrazia zabaldu eta sakontzeko beharra da. Eskoziak bozkatu du. Guk ere bozkatu nahi dugu. Herriak irabazi behar du, independentistok irabazi ala ez. Hori da demokrazia. Hori da liberalismoak eta neoliberalismoak beti gorrotatu dutena, gorroto hori ezkutatzeko demokrazia formalaren ikurra hartu nahi izan duten arren. Gora demokrazia, beraz, eta gora Eskozia!