«Fikziozko lan bat aurrera ateratzea oso zaila da, asko borrokatu beharra dago»
Jorge Oteizaren «Cosecha en Fitero» poeman oinarritutako film laburra dakar Zinemaldira Asier Altunak (Bergara, 1969). «Soroa» lanak paisaia lehorretara garamatza. Hain lehorrak, errogatibak egin beharrean ikusten direla herritarrak, uzta arriskuan ikusita. Eta hortxe doaz, prozesioan, bata bestearen atzetik. Bi urtez luzatu zen Bardean egindako filmaketa. Zabaltegi sailean ikus daiteke fruitua.

Nola otu zitzaizun «Soroa» film laburraren ideia?
Jorge Oteizak beti iradoki dizkit oso irudi indartsuak. Horren inguruan narrazio txiki bat sortu nuen. Bi urtetan zehar errodatu genuen, Bardean. Bertako naturaren aldaketak -euri jasak, ekaitzak, lehorteak...- jarraitu ditugu urtaro desberdinetan, dokumental batean bezala. Oso lan esperimentala eta bisuala da.
Pasaiako lagunak laguntzaile izan dituzu.
Bai, astebete eman genuen ekipo osoarekin eta figurazioko kideekin filmaketa lanetan. Autobuskada irten zen Pasaiatik. Oso esperientzia polita izan zen. Momentu batzuetan oso argi polita zegoen, haizea ere bai, eta prozesioko partaideak beltzez jantzita, gurutzeak... Buñuelen pelikula baten barruan bezala sentitu nintzen.
Postprodukzioa izan da prozesu osoan zailena?
Bai, efektu digital asko ditu filmak eta niretzat proiekturik konplikatuena izan da. Unai Guerrak oso lan ona egin du.
Zinemaldia oparo dator aurten euskal produkzioari dagokionez.
Nik ez dut aldaketa handirik ikusten euskal ekoizpenari dagokionez. Urtean hiruzpalau fikziozko lan egiten dira, eta, horiekin batera, dokumentalak. Aurten nabarmentzekoa da horietako bi lan, euskaraz eginak, Sail Ofizialean daudela. Asko pozten naiz «Loreak» eta «Lasa eta Zabala» hor daudelako. Krisi egoera honetan fikziozko lan bat aurrera ateratzea oso zaila da, asko borrokatu beharra dago, eta urtean bizpahiru lan horiek mantentzea asko da. Baina pelikula gehiago egiteak ere ez du zertan kalitatea bermatu. Lan onak egitea da gakoa.
Oraindik bada «Loreak» euskaraz egina izateagatik aukeratu dutela uste duenik.
Betiko kontua da etxekoa delako sartu dela pentsatzea. Sekulako zortea da maila horretako zinema jaialdia Donostian izatea. Zinemaldiko zuzendaritzak ez du edozein pelikula Sail Ofizialerako aukeratzen. Gustatuko litzaidake «Loreak» filmak harrera ona izatea ahots guztiak isiltzeko, eta talentuari eta pelikularen atzean dagoen esfortzuari balioa emateko.
Sektorean bada kezkarik diru laguntzen murrizketa dela eta?
Sektorea egoera larrian dago. ETBk lehen sail asko ekoizten zituen eta jada ez dago telesailik. Pelikularik egiten ari ez garen momentuetan horixe izan da guretzat sosak irabazteko bidea, eta, azken urteotan, ogia nondik atera jakin ezinik gabiltza. Pelikula gutxiagorentzat daude diru laguntzak, eta gero eta zinemagile gehiago daude, bakoitza bere proposamenarekin eta ikus-entzunezko lanetik bizitzeko gogoarekin. Egiten diren lan asko oso modu prekarioan egiten dira, pertsona askoren borondateari eta indarrari esker. Egoera oso beltz ikusten dut nik.
Zabaltegik Euskal Herriko film laburrei leku berezia eskaintzen die. Iaz «Zela Trovke» aurkeztu zenuen sail horretan, eta, aurten, «Soroa».
Bai, euskaraz egindako zinemaren eta hemengo film laburren aldeko apustua oso garbia da.
Kimuak katalogoari esker munduko hainbat herrialdetan ikusiko da «Soroa».
Kimuak katalogoan sartzea luxu izugarria da. Badakizu toki askotara iritsiko dela. Horrez gain, dagoeneko Montpellier eta Tesalonicako jaialdietatik «Soroa» bertan proiektatzeko interesa agertu dute.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
