Andoni ARABAOLAZA
Elkarrizketa
ZIGOR ITURRIETA
MENDIKO LASTERKARIA

«Abentura bat bezala hartu nuen erronka, eta hala bizi izan dut»

Eubako mendiko korrikalariak erronka gogorra zeukan esku artean: GR11 Pirinioetako Ibilbidea. Aurretik, 850 kilometro eta 40.000 metroko goranzko desnibela Pirinioak alderik alde zeharkatzeko. Uztailaren 20an Creusko lurmuturrean eman zuen lehen pausua, eta, 11 egun geroago, Higerrekora iritsi zen. Erronka, beraz, borobildu egin zuen.

Pirinioak alderik alde zeharkatzeko 11 egun korrika. 11 egun hankei eragiten. 11 egun buruari aurrera jarraitzeko agintzen. Hurrengo elkarrizketan, Zigor Iturrietak egin duen abenturari buruz hitz egin digu.

Zure aurretik, besteak beste, Kilian Jornetek xede bera egin zuen. Harekin ere kilometro batzuk egin zenituen. Jornetek egindakoak animatu zizun zurea erronkari egiteko?

Aktibitate polita izan zen Kilianena. Aitortu behar dizut ez niola buelta gehiegirik eman. Nik uste dut Pirinioetako zeharkaldi hau egitea nire ibilbidean beste urrats bat izan dela.

Hernanira bizitzera joan nintzenean, hango mendiak ez nituen ezagutzen. PR ibilbideak egiten hasi nintzen, eta, ondoren, GRetara egin nuen salto: Durangoko itzulia, GR121 hiruzpalau egunetan, Kataluniako GR5.... GR luze bat egin nahi nuen, eta azken xede hau iritsi zen. Nik GR11 aukeratu nuen; Kilianek, aldiz, bertsio motzena aukeratu zuen.

Aurten denbora gehiago nuenez, Pirinioak zeharkatzea otu zitzaidan. Gainera, jakin banekien laguntza izango nuela.

Jornetek Higer lurmuturrean hasi eta Creusekoan amaitu zuen ibilbidea. Zuk, berriz, alderantziz egin duzu ibilbidea. Zergatik aldaketa hori?

Batez ere, etxetik urrun hastea nahi nuen. Etxean hasten bazara eta hasierako etapetan gauzak gaizki baldin badoaz, gertutasun horrek berak erronka bertan behar uztera asko animatzen zaitu. Eta nik hori saihestu nahi nuen. Hasierako etapetan neure burua ez nuen oso ondo ikusi. Lehenengoan, adibidez, erabat izutu nintzen. Baina, esan dudan bezala, etxetik urrun nengoen eta aurrera egitea erabaki nuen.

Izaera horretako jarduera bat aurrera eramateko ondo baino hobeto pentsatu behar da. Lehen urratsa egitea asko kostatu zitzaizun?

Abentura bat bizitzera irten nintzen, Zigorren abentura! Eta nire abentura diot baldar xamarra naizelako. Adibidez, GPSa etxean ahaztu zitzaidan! Eta orduan neure buruari esan nion: «Hasiko dut, eta ateratzen dena aterako da». Abentura kutsu hori nahi nuen, eta uste dut bizi izan dudala.

Nik neuk den-dena egin eta prestatu nuen: ez nekien etapa bakoitza non amaitu behar nuen, aterpeetan ez nuen aldez aurretik lekua hartu... Inprobisazio puntu bat izan du.

Lehiaketarako prestatzea edo horrelako egitasmo bat prestatzea ezberdina da oso. Gainera, arlo psikologikoak garrantzi handia du, egun asko baitira bakarrik korrika egiten. Prestaketa berezirik egin zenuen?

Ia ezer. Azken hilabetea seme-alabekin igaro nuen, eta ez nuen denborarik izan ganoraz entrenatzeko. Fisikoki gogorra izango zela banekien, 12 orduko etapak aurreikusi nituen, eta, azkenean, 12-16 ordukoak bihurtu ziren. Fisikoki leher eginda amaitzen nuen; psikologikoki, berriz, erabat erreta. Gogorragoa izan da burua bere tokian mantentzea.

Hasi aurretik beldurtuta zeunden? Hots, era txukun batean amaitzeko gai ote zinen zalantzarik izan al duzu?

Beldurra, batez ere, distantziei nien. Nola errekuperatuko ote nintzen etapa baten ondoren? Hori zen nuen mamu nagusia. Eskuarki, lasterketa bat amaitu eta segituan tonua hartzen dut. Baina hainbeste etapa jarraian? Ordu asko bakarrik eman ditut, baina, alabaina, aukera izan dut motxilero askorekin gelditu eta hitz egiteko.

Gogorra izan bada ere, gozatu dut neure buruarekin zein bakardadearekin. Alderdi asko ezagutzen nituen, badakit ederrak direla... baina bakardadearena beste kontu bat izan da!

Aurreratu duzunez, GR11 Pirinioetako Ibilbidea egitea abentura gisa hartu duzu. Hala ere, errekor baten bila aritu al zara?

Ezta pentsatu ere! Horretarako Kilianek bezala antolatu behar duzu guztia: dena kontrolatuta izan, ibilbide motzena aukeratu, bizkar zorrorik gabe joan... Horrela, bai, beste erritmo bat eramaten duzu. Agian, bi egun gutxiagoan egin nezakeen, baina hori beste kontu bat da.

Ni disfrutatzera joan nintzen; hori zen neure helburu nagusia. Mendian errekorrak egiten aritzea ez dut gogoko, besteak beste, mendiarekiko duzun harremana aldatu egiten delako, eguraldia ere kontua hartu behar duzu... Horretarako atletismo pistak daude; horietan bai, horietan errekorren bila joan zaitezke.

Jornetek zeharkaldia zortzi egunetan egin zuen. Jakin badakit katalanaren aktibitate horrekin zurea ezin dela alderatu, baina, finean, gustura geratu al zara eginiko lanarekin?

Inolako zalantzarik ez dut: lan ederra egin dut! Banekien «marroi» atean sartuko nintzela, eta, ez nekiena, nola amaituko nuen zen. Eta bukatu dut. Nire oporrak ziren, eta hala bizi izan ditut. Egunetara ohartu nintzen zer egin nuen, baina batez ere, garrantzia bizitako abenturari ematen diot.

Jorneten egitasmoaren ondoren, Quim Navarro azaldu zen esanez Pirinioak zazpi egunetan zeharkatu zituela, laguntzarik gabe eta hogei kiloko motxilarekin. Jarduera horren inguruan zalantza asko daude. Zer iritzi duzu?

Ez dakit egin duen ala ez. Ez naiz gehiegi sartuko gai honetan, daturik ez dudalako. Baina errekor baten bila bazoaz, lehenik eta behin hori guztia demostratu egin behar duzu. Ez du datu zehatzik eman, nondik pasa den ez du argitu, GPSa ez du erabili... Donejakue bidea sei egunetan egin zuela ere esan du, eta hori frogatzeko eman duen argibide bakarra eguneko argazki bat izan da... Dakidan bakarra da nik hiru kiloko bizkar zorroa eraman nuela, eta, Quimek, hogei kilokoa. Eta Kilianek ez zuen motxilarik eraman.

Jakina denez, 11 egun horietan une txarrak zein onak bizi izan dituzu. Txarrena, agian, zortzigarren etapan izan zenuen txakalaldi gogorra izan zen?

Zalantzarik ez izan: egun txarrena izan zen! Etapa gogorra zen, eta, uf, flakiak eman zidan. Lehen etapa ere gogorra izan zen: urduri nengoen, bero egiten zuen, bi orduz galduta ibili nintzen, Jonquerara iritsi eta ahulaldia izan nuen... Jaitsiera bat aurretik nuen eta ez nintzen gai jarraitzeko. Andorran ere ez nintzen batere fin ibili; ia-ia, etxera bueltatu nintzen. Baina lo egin eta biharamunean egoera ezberdin ikusi nuen. Eta Candanchukoa ere antzera. Arestian aipatu dut, indarrak baino gehiago buruak egin zuen behera.

Eta unerik gozoenak?

Azken etapan, behe lainoarengatik, galdu nintzen. Iruneko lagunak zain nituen: bizkaitar bat hamabost giputzen artean! Azkenean, Higerrera iritsi eta bainua hartu nuen. Une horiek ezingo ditut inoiz ahantzi.

Aigüestortes parkean ere asko gozatu nuen, alderdi oso ederra da eta aterpean jendearekin hitz egiten ondo pasa nuen. Eta, jakina, Izabatik amaiera arte gozatu ederra hartu nuen.

Aipatu duzun amaierako bainu hori hartu ondoren, eta, behin zure xedea borobildu ondoren, zein izan zen burura etorri zitzaigun lehen hausnarketa?

Ez dakit, bikotea, lagunak... Neure buruari esan nion: «Zigor, hau bukatu da! Egin dut. Bihar ez zara lasterka ibiliko!». Oro har, lasaitu ederra hartu nuen; egundoko bakea izan zen! Beste era batera esanda, pisu erraldoi bat gainetik kendu nuen.

Zeharkaldian, ziur asko, makina bat pasadizo izango zenituen. Baten bat kontatuko al zeniguke?

Istorio piloa izan ditut, baina, agian, azken eguna aipatuko nizuke. Batez ere nola hasi zen gogoratuta, barregura sartzen zait. Sorogaineko aterpean egin nuen lo. Goizeko zazpietan gosaldu behar nuen, baina nagusiek lo hartu zuten. Beraz, berandu irten nintzen. Ondoren, korrika hasi eta erreka bat pasa behar nuen. Uretan zeuden harrietan irrist egin eta ipurdiko ederra hartu nuen. Goitik behera busti nintzen. Handik nolabait atera, jarraitu eta lokatzekin berriro labaindu eta behi kaka artean bukatu nuen! Une horretan madarikatzen hasi nintzen. Eskerrak «zorte» txar hori etxetik gertu iritsi zitzaidala! Antzeko beste istorio asko ere baditut. Zeharkaldiaren inguruan bideo bat prestatzen ari naiz, eta aukera ederra izango duzue nire abentura ikusteko.