Erlijio arauen gainetik
«Felix et Meira» erlijioak pisu eta garrantzi handia duen filma da. Meira komunitate judu jasidiko batean bizi da, senarrarekin eta alabarekin batera. Arau zurrunek ez diote libreki jokatzen uzten eta debekatua du gauzarik sinpleena egitea ere; musika entzutea, esaterako. Felix ezagutzeak beste mundu baten ateak irekiko dizkio, baina adorea beharko du.
Judaismo jasidikoa juduen erlijioaren barruan dagoen interpretazio ortodoxo bat da. Meira antzeko komunitate batean bizi da, Montrealen. Senarra eta hilabete gutxiko alaba ditu eta oso mugatuak dira bere egunerokotasunean egin ditzakeen jarduerak; musika entzutea ala kalera galtzekin ateratzea, esaterako. Erlijioaren zurruntasunak bere bizimodua birpentsarazten dio egunero eta, bere familiaren zoriontasuna bilatu nahi badu ere, askatasunik ezak amildegiaren ertzera darama. Lehia ofizialean den «Felix et Meira» filmak «irakurketa ugari» izan ditzakeela adierazi zuen Maxime Giroux zuzendariak, «ikusleak bezainbeste irakurketa».
Montrealen filmatu zuten, zuzendaria eta Martin Dubreuil (Felix) bizi diren auzo berberean. Bertan ere judu jasidiko ugari bizi direla nabarmendu zuen eta horrek pertsonaiengan kezka berezia sortu ziola onartu. «Film errealista bat nahi genuen eta judu jasidiko ohiak ekarri genituen filmaziora, platoa eta attrezzoa zuzen zitzaten. Ez genuen hura mozorro festa bilakatzerik nahi», ohartarazi zuen. Lanean hasi aurretik, auzoko komunitateekin ere bildu ziren, horien ohiturak ahalik eta gehien ezagutze aldera. Erlijio arauen zurruntasunak, ordea, lana trabatu ziela ere onartu zuen. «Beraien kulturan debekatuta daukate telebista eta zinema ikustea. Ez zen arazorik izan beraiekin hitz egiteko orduan, baina gai horren inguruan pelikula bat egin nahi nuela esan nienean, bat-batean harremana moztu zuten». Nolanahi ere, era anonimoan komunitateko bi kideren laguntza jaso zutela azaldu zuen eta hainbat elementurekin lagundu zietela azaldu. Montrealen judu jasidikoak «oso itxiak» direla azpimarratu zuen, eta beraien bizimodua ezagutzeko gogoak eraman omen zuen Giroux filma egitera.
Ez dago pertsonaia maltzurrik
Meiraren senarra oso gizon erlijiosoa da eta zehatz-mehatz jarraitzen ditu komunitatearen baitan oso txertatuta dauden arauak. Emakume eta gizonen arteko rolak oso bereiziak daude eta nork bere betebeharra du erlijio horren baitan. Girouxek, ordea, ez du senarraren paperean (Luzer Twersky) pertsonaia maltzurrik eraiki nahi izan. «Garrantzitsua zen senarraren izaera ulertzea. Aita eta senar ona da, pertsona ona da. Eta bera ere istorio honetako biktimetako bat da», agertu zuen.
Twersky-k berak haurtzaroan judaismo jasidikoko kide izan zela onartu zuen. «Momentu batean neuk ere, filmeko pertsonaiak bezala, haur asko eta familia on bat izan nahi nituen eta interpretazio hau oso gertutik bizi izan dut. Ulertzen dut horrelako desioak dituzten pertsonak egotea, seguru eta eroso sentitzen direlako beren komunitateetan», adierazi zuen.
Zuzendariaren aburuz, pertsonaia guztiak ari dira zoriontasunaren bila, bakoitza bere esparruan edo bere eremuen barruan. Meirak izango du giltza trama garatzeko orduan. «Bere senarra maite du, era batera edo bestera, baina maite du. Horren gainetik, ordea, beste gauza asko ere bizi nahi ditu. Erlijioaren eraginez ezin ditu hainbat gauza egin eta senarra afera horrekin oso tematia da».
Filmean hiru hizkuntza darabiltza Girouxek. Ingelesa eta frantsesa, batetik, eta yiddish-a bestetik. Azken mintzaira hori judu jasidikoek erabiltzen dutena da; normalean ez dira hebreeraz mintzatzen. Aktoreek espresuki ikasi behar izan zuten hizkuntza hori filmeko zenbait pasartetarako.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
