Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Bide desberdinetan talkarik ez

Zer gauza handia den eztabaida batean hitzak egoki erabiltzea, hitzen balioa! Izan ere, hitzek, zeinek bere lurretan, balioa dutenean baliabide bihurtzen dira ezbaian ari direnentzat, baina ez dutenean berritsuek ere ez dakite zertaz ari diren. Hitzontzi, huts-ontzi. Eta jakina, hitzek balioa izan ezean, zertarako jarri hitzordua? Eta zer hartu hizpide? Hortik dator gero bakarrizketen segida bati elkarrizketa esatea, hizkeraren galeran. Ez da harritzekoa hitzen tegiak «hitz» izenari ematen dion espazio zabal-zabala, are gutxiago harritu «hitz» aditz moduari eskainia ikusita. Tira, hitzen harira! demontre! Horra, kasurako, «errekurtso» hitza. Berdin balio du horrek gure beheko Estatuko ibaien urteko emariak hektometro kubotan emateko, edo Estatu bereko fiskaltzak etenik gabe betetzen dituen paperak euren Konstituzional zer horren mahai gainean jartzeko. Baina guretzat diferenteak dira. Baliagaia da ubidetik grabitatez isurtzen den hori, eta helegitea mahairik mahai larritasunez eramaten duten beste hori. Total, Zuzenbide Estatu saltzen duten hori, jatorriz okerbide estatu dena, azkenean helegite estatu bihurtu dute, baliagai estatu izateko ezinean. Amen. Komuna esan dudala, eta komunean patxadaz nagoela, erregimenak presidenteen arteko posta, antza, hobeto dabil, hitzordua diskrezioz egina bada ere.

Total, nondik nora eta Eskoziatik Kataluniara. Hemengo batzuek talka aipatu dute tribunaren batetik, hortik aldentzeko aipatu ere. Nonbait talka ez da ona. Nik behintzat ez dut holakorik nahi hemengo eta hango aharientzat. Beste gauza da ideien talka, eta hau ona izateaz gain, derrigorrezkoa ere bada, politikoen buruagatik baino gehiago buruen osasunagatik. Jakina, ideiak hitzen bidez gorpuzten dira, bestela alzheimer politikoa dator. Hortaz, ez dut uste Katalunian trenen talkarik izango denik, horretarako tren biek trenbide beretik eta kontrako norabidean joan beharko lukete. Susmoa daukat katalanen trena beste bide batetik doala, handik urrun geldi dagoen tren antzekotik urrunago. Eta euskal trena? Hemen abiadura handikoan ari dira, tunel asko izanda diskreziorako babes ona delakoan. Lasterra esatea ere tren politiko horri! Akabua! Bitartean A8ko ordainpeko buxadurak nahiago horiek, katalanen A9ko bide librea baino. Jaungoikoa eta buxadura zaharrak entzungo bide dira gaur trenbiderik gabeko zelaian. Yez! Agian, ahari-talkak bai!