Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA | Georgiako mendiak

Ushbaren hego zutoinean estutzen, eta Gulban bide berria zabaltzen

Raul Gonzalez, Mikel Saez de Urabain eta Kepa Escribanok Ushbaren (4.710 m) «Myshliaev» bidea (6c, M5, 1.300 m) eskalatu dute; mendiaren gailurra ez zuten zapaldu. Bitartean, Gulba mendian (3.725 m) «Ivasuxari Roza» marra (6b+, 550 m) zabaltzeko aukera izan dute.

Ushba mendia (4.710 m) Georgiako Kaukasoko mendilerroan dagoen «Matterhorn»-a da. Haren antz handia du, eta oso erakargarria bada ere, Mendebaldeko alpinistentzat alboratuta dago. Alabaina, badira «ohiko» eskalada eremuak alde batera utzi eta Georgiako mendietara abiatzen direnak. Jakina, beste helburu batzuen artean, Ushba izar nagusia dutela. Horien artean daude Raul Gonzalez, Mikel Saez de Urabain eta Kepa Escribano.

Eta hirukotea pozarren da bizkar-zakuan zeraman amets nagusia bete egin delako. Mendilerro hartako «Matterhorn»-ek hego zutoina edo «Myshliaev» bidea eskalatzeko «gonbita» egin zion. Eta proposamenaren inguruan informazio askorik ez bazuten ere, xedean buru-belarri sartu ziren.

Escribanok aurreratu digunez, di-da bateko jarduera izan zen, eguraldi iragarpenek ezer onik ez zutelako iragartzen: «Georgiara iritsi eta bi egunera martxan ginen. Hiru egun on iragarri zuten, eta hortik aurrera eguraldi gaiztoa. Den-dena prestatu ondoren, martxan jarri ginen. Eta dena azkar batean gertatu zen: hurbilketa bidean 2.000 metroko desnibela gainditu, paretan sartu, 25 luze eskalatu eta bibaka egin genuen. Biharamunean, falta zitzaizkigun ehun metroak gainditu, zutoinaren gailurrera heldu eta rappelatzen hasi ginen. Glaziarretik 500 metrora ginela, egundoko ekaitzak harrapatu gintuen. Ezer txarrik jasan gabe, bi eguneko jardueraren ondoren, haranean ginen».

Georgiara iritsi eta lau egunera alpinistok xede nagusia poltsikoan zuten: «Myshliaev» bidea (6c, M5, 1.300 m). Escribanok aurreratu digunez, gailurra egiteko asmoa bertan behera geratu zen: «Bizkar-zakuak beteta genituen, eta, ohi denez, gure estrategia indarrean jarri genuen: sokaburua topera eskalatzen eta besteak petateatzen. Bibaka egiteko materiala ez genuen eraman. Erlaitz batean eserita, lumazko txaketarekin babestuta igaro genuen gaua. Biharamunean falta ziren luzeak egin eta ertzaren gainean ginen. Gailurrera segitzeko asmoa bertan behera geratu zen. Igotako lekutik igota, tontorrera iristeko ia mendi osoa zeharkatu behar da. Gainera, jaitsiera (5+) ez da batere erraza, eta erabaki genuen ez zuela merezi. Beraz, zutoinaren gailurretik (bidea amaitu ondoren) rappelatzen hasi ginen».

Eskalatutako marrari dagokionez, Ushbaren ipar aurpegiarekin alderatuta, alpinista bizkaitarrak esan digu hego hormak arrokan eskalatzeko aukera gehiago ematen duela. Eta, hain zuzen ere, hori zuten helburu: «`Myshliaev' bidea zutoin luze bat da. Beheko zatian hamar bat luze nahiko errazak ditu. Ondoren, izotzezko sekzio bat gainditu behar da eta hari beste 12-13 luzek, arrokan eta nahiko tente, jarraitzen diote. Bibakera iritsi baino lehen, berriro ere izotza. Azken ehun metroak, berriz, nahiko hautsita daude. Oro har, bide ona da, baina ez zait kristorena iruditu. Oso-oso ederra dena hango ingurua da».

Kaukasoko «Matterhorn» poltsikoan zuten; esan bezala, Georgiara iritsi eta lau egunera. Egoera berezia izan zela aitortu digu Escribanok: «Eskuarki, herrialde batera heldu, ohiko erosketak eta prestaketak egin eta beti eguraldi iragarpenaren zain egoten zara. Horrela egunak joaten dira, eta esku artean duzun helburu nagusia sinatzeak denbora eskatzen du. Guri, aldiz, alderantziz gertatu zaigu. Ushba xede izan eta lau egunean poltsikoan genuen. Hori ez da batere ohikoa. Eskalatutako zutoina normalean hiru egunean igotzen da, eta gu ia egun batean. Gainera, kontuan hartu behar da 3.000 mila metroko desnibela gainditu, 25 luze eskalatu eta bidearen gailurretik 100 metrora bibaka egiten geratu ginela. Oro har, egin genuen jardueran gure gorputzek astindu ederra hartu zuten».

Gulban, bide berria

Atsedena hartu eta eguraldi kaskarra bere onera bueltatzen ari zela, hirukoteak beste helburu bat aztertu zuen. Ushbaren «anaia» txiki bat alboan zuten: Gulba mendia (3.725 m). Mendebal aurpegian pareta tentea ikusi zuten, baita hara joatea erabaki ere: «Liburuxka batean igo nahi genuen marraren inguruan informazio pixka bat zegoen; baina ezer garbirik ez.

Berriro ere bizkar-zakuak lepo bete, eta 2.000 metroko desnibela gainditu ostean, paretaren sarreran ziren: «Eguraldiaren mehatxuagatik, irteera espres bat egin genuen. Astindu ederra hartu genuen bidearen oinarrira iristeko, baina jarraitu egin genuen. Bide osoan ez genuen utzitako materialik ikusi. Lehen bi luzeak agerikoak ziren, eta bazirudien eskalatuak zirela; batez ere, heldulekuetan arrastoak zeudelako. Hortik aurrera argi ikusi genuen inor ez zela pasa».

550 metro eskalatu ondoren, bide berria amaitzea erdietsi zuten. Gehienez, 6b+ graduko luzeak eskalatu zituzten, eta sormen-lan berriari «Ivasuxari Roza» izena jarri zioten: «Rozaren omenez jarri genion; hots, svaneraz, gure Guest Houseko etxeko andreari eskerrak emateko».

Leku erabat ezezagun batean ziren. Helburu nagusia sinatuta zuten, baina oraindik jaitsiera zuten aurretik: «Destrepe asko behar izan genituen egin, eta tartean lau rappel. Azken zatia nahiko arriskutsua zen, kontu handiz ibiltzeko horietakoa; izan ere, kanal batetik doa eta harriz beteta zegoen. Jaitsiera ezagutzen ez genuenez, arreta handiz jardun genuen. Ez zegoen markarik, baina arin jaitsi ginen egunean bertan».

Escribanok dio gustura geratu zirela: «Ez dauka zailtasun handirik, baina polita da eta ezagutzen ez genuen paraje batean. Aurreko aktibitatean bezala, egundoko jipoia jaso genuen. Egun batean 2.000 metroko desnibela igo, 550 metroko bide berria eskalatu eta jaitsi. Uste dugu jarduera ederra izan zela».