Jaime Valverde
KRITIKA antzerkia

Ederlezi pastorala

Ederlezi buhameen udaberriko jaia da, hala nola horri buruzko abestiaren titulua. Abesti berezi hau hizkuntza askotan kantatzen da, buhameek aztarna utzi duten herrialde adina, seguruenez. Europan ia ez dago herririk buhameengandik ondare kulturalik jaso ez duenik, nahiz eta, tamalez, buhameak zapaldu edo baztertu dituen herririk ere ia ez dagoen. Euskaldunok ez gara salbuespen ez lehenengo aspektuan ez bestean, eta horretaz dihardu Mixel Etxekoparrek idatzi eta Nicole Lougarotek zuzendu pastoral ezohiko hau. Ijito familia baten istorioa ardatz hartuta, XVII. mendeaz geroztik herri zahar horrek gurean izandako nekeak eta lanak kontatzen ditu.

Buhameek bezala, pastoral honek izaera desberdina dakar berekin; jokatzeko modu berezi bat. Antzezle talde txikia du eta egitura eszeniko soila -eramangarria-. Errejentaren funtzioa taulan kolokan jartzen da eta pastoralaren berezko manikeismoa desitxuratzen. Antzematen da, oro har, ohiko pastoralaren solemnitatea apurtzeko borondatea; jostagarri eta berritzailea izan nahi duen izpiritua. Ez da falta Lougarotek buhameei buruz proposatu teoriaren isla: alegia, maskarada buhameek Zuberoara eramandako tradizioa delako hipotesia. Horrez gain, Amaren Alabak taldeko abeslariek momentu hunkigarriak eskaintzen dizkiote publikoari. Hala musika nola dantza molde desberdinetan emanak dira, eta emaitza ederrak lortzen dira.

Batzuek galdegingo dute pastoralaren muina diren kodeak desitxuratzearen egokitasunaz; beste batzuek ordea, aldaketarik gabe ez dagoela etorkizunik pentsatuko. Denboraz aparte ezerk ez digu esango zer aldaketa diren apropos eta zein hutsal. Edozelan ere, horra hor Arriagako publikoaren txalo zaparrada eta emozio bizia, pastoral tradizionalek eragiten dutenaren neurrikoa. Bizkaitik Zuberoara omen ijitoek, Zuberoatik Bizkaira egin du pastoral ibiltari honek, eta plazer izugarria izan da zuberotarren oparia. Zeresanik ez, estimatzekoa da buhameen historia kontatu izana, beste herrien barnean -edo bazterrean- bizi den herri txiro eta aberats horren testigantza ematea.