Jon LEUNDA
Erronka

Izeta IV.a eta Irigoien Azpeitiko apustuari aurre egiteko gogoz daude

Aimar Irigoien eta Izeta IV.a neurtuko dira bihar arratsaldean Azpeitiko zezen-plazan. Ikusmin handia piztu duen norgehiagoka izango da. Biak gazteak dira, elkar ongi ezagutzen dutenak. Oraingoan lan luzea egin beharko dute, baina. Aimarrek ematen dio abantaila Izetari.

Aimar Irigoien eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a bihar arratsaldean, 18.00etan, neurtuko dira Azpeitiko zezen-plazan. Izetak 137,5 kiloko harri kubikoa erabiliko du, eta Aimar Irigoienek, berriz, 152 kiloko kubikoa. Bakoitzak 10 minutuko hiru txanda egin beharko ditu, eta banaka arituko dira lanean. Alde bakoitzak 8.000 euro jokatzen ditu dirutan. Berdinketa gertatuko balitz, aurretik lanean aritu denak eramango luke garaipena.

Bi kirolariak prest daudela iragarri dute, egin beharrekoa eginda, eta jadanik biharko eguna etorri eta pasatzeko gogoz ere bai, nahiz eta biak ilusioz beterik dauden. «Apustua aspaldi egin genuen, eta jokatzeko ilusioarekin nago, baina pasatzeko ere bai. Hilabete asko dira honi begira eta luze egiten da», dio errezildarrak.

Irigoien agertzen da irabazteko faborito, eta 103 jasoaldi lortu baietz ere esaten dute, nahiz eta horrekin oso ados ez den agertzen Aimar bera. «Azkenean ez dakit jendeak nondik egiten dituen horrelako kontuak. Egia esan zenbakiak botatzea erraza da, eta berdin kostatzen da 20 esan edo 103 esatea. Goenatxok dauka nire harri honekin marka, eta 96 jaso zituen, horretara joanda. Ez dugu ahaztu behar honelako harriekin harri jasotzailerik onena izan dela, eta orain jendearen ustez erraz gainditu behar dut bere marka. Ez dakit horrelakoak esateko nola edo zertan oinarritzen diren», dio.

«Marka bat egitera joaten zarenean horretarako prestatzen zara, eta zeure burua ongi ikusten duzunean joaten zara. Apustu bat jokatzeko data aurretik jartzen da, eta joan egin behar duzu, egun horretarako ongi edo gaizki bazaude ere. Apustu bat jokatzerakoan helburua ez da marka egitea, apustua irabaztea baizik», erantsi du.

Izetari, berriz, faborito ez irteteak ez omen dio aparteko kezkarik sortzen. «Egia esan jendeak dioenari ez diot asko begiratzen, eta ez nau asko kezkatzen. Faborito atera izan banintz ere berdin pentsatuko nuen», dio.

Aimarrek eta Hodeik ongi ezagutzen dute elkar. Biak dira kirolari gazteak, ia adin berekoak, eta txikitatik batera entrenatutakoak ere badira, biak ere Izeta II.arekin ibili baitziren gaztetxo zirenean, Hodeiren aitarekin alegia. «Elkar oso ongi ezagutzen dugu, baina berak badaki nik zer egin dezakedan, baina nik ez berak egin dezakeena. Horrelako harriekin ez da asko aritu, eta horrelako saio luze bat ez du inoiz egin», dio Aimarrek.

«Egia esan biok primeran ezagutzen dugu elkar, baina berak ez du nik zer egin dezakedan aztarnarik ere izango. Harri handi samarra da hau niretzat, eta horrenbeste denborako lanik ez dut egin inoiz. Hala ere gustura nago orain arte egin dudanarekin», dio zarauztar gazteak.

Azkenaldian berriro ere apustuak ugaritu egin dira, eta garbi dago horrek herri kirolak indartu egiten duela. Bi harri-jasotzaileak honelako apustuek hartzen duten garrantziaz ere aritu ziren. «Honek ez dauka txapelketekin zerikusirik. Apustua egiten duzun unetik zure bizimodua horretara moldatu behar duzu. Atsedena, jateko ohiturak, prestakuntza, zure bizitza horren arabera egin behar izaten duzu. Txapelketetan gauzak lasaiago joaten dira», dio errezildarrak. Izeta IV.a ere bat dator iritzi horrekin. «Apustuekin ikusten da beste seriotasun bat dagoela. Askoz ere jende gehiago egoten da zure inguruan, entrenatzeko era aldatzen da, gauzak oso ezberdinak dira. Hala ere, ni oraingoz nahiko lasai nago», dio, berriz, Zarauzko harri-jasotzaileak.

Ordu erdia egin beharko dute lanean bihar arratsaldean, hiru txandatan banatuta. Garbi dago iraupen proba bat izango dela, apustuetan edo marketan soilik egiten den lana izango da, txapelketetan ez baita horrelakorik egiten. Biek garbi daukate hasieran dena ezin dela eman, zerbait gorde behar dela.

«Nik beti esaten dut apustua hirugarren txandan amaitzen dela. Ez du balio aurreneko bietan sekulako lana egin, eta hirugarrenean ezer egin gabe geratzea, horrela ez baitago irabazterik. Ahal bada dena kontrolpean eraman behar da, hiru txandak orekatuta, gutxi gorabehera lan bera egin ahal izateko, hori beharrezkoa izango da», dio Aimar Irigoien errezildarrak.

Izeta IV.ak ere iritzi berdintsua du. «Hau iraupen proba bat da, beraz ezin da dena aurrenekoan egitera jo, bestela bukaeran nabaritu egingo baitugu. Ahal bada saio bakoitza kontrolpean eraman behar da. Hori lortzen badugu eta etxeko lana eginez gero, gustura geratuko naiz», gaineratu du zarauztarrak.

Kasu honetan Aimar da abantaila eman duena, baina gehiegi edo gutxiegi eman dion pentsatzen ez omen du denborarik galdu. «Egia esan, mahaian hitz egin eta sinatu genuen, eta kitto. Ez dut gehiago pentsatu. Nik harri horrekin egin behar dut, eta irabazteko bera baino jasoaldi bat gehiago eman», esanez amaitu du Aimar Irigoienek.