Kyzyl Asker, mugimendu aparta bi proposamen berrirekin
Pasa den abuztuan, Kyzyl Asker mendian (Tien Shan) bi bide berri sortu dira. Lehena, talde errusiar batek zabaldua: «War and peace» (1.350 m, 6b errusiar eskalan). Bestea, espedizio ekuardotar batena: «Sal con cebollas» (1.100 m, ED2, VII, 5.12a, M6+, WI5+, AI2).

Kyzyl Asker mendia (5.842 m, Tien Shan, Kirgizistan eta Txinaren arteko mugan) ia erabat ezezaguna zen Europako mendebaldeko alpinismoaren munduarentzat. Iazko udan Nico Favressek eta enparauek mendiaren hego zutoina eskalatu zuten, eta nolabait esateko, mendiaren lehen irudiak jaso ziren. Alabaina, ingurumari hartako alpinistek haren berri bazuten. Adibide gisa dugu Alexander Ruchin, Alexander Odintsov eta Mikhail Mikhailovek, hots, Errusiako hiru alpinista entzutetsuek hego zutoin hori igo zutela.
Baina errusiarrak zirenez, jarduera horren oihartzunik ez zen apenas iritsi gure txokoetara. Eite ezezagun horrek ziur aski eraman zuen iaz sortu zen «polemikara». Asmo txarrik gabe Favressek eta bere kideek eginiko eskaladaren berri eman zutenean, Ruchkinen taldea segituan hedabideetan azaldu zen argitzeko orain dela zazpi urte zutoin hori beraiek zabaldu zutela. Bi espedizioen krokisak eta informazioa argitu ostean, badirudi Favresseren taldeak «Russian way» izeneko bidearen hamar luze eskalatu zituela.
Hitz gutxitan esanda, sei urteren buruan hego zutoinak bi «bide» jaso ditu. Bada, aurten, Kyzyl Asker mendiaren hego aurpegian dauden zutoinek beste bi bide berri izan dituzte. Hori bai, biak ala biak independenteak.
Lehena, Sergei Nilov, Dmitry Golovchenko eta Dmitry Grigorievek osatutako taldearena da. «War and peace» du izena, eta guztira 1.350 metro luze da eta 28 luze eskalatu zituzten. Proposamen berri hori borobildu ahal izateko, hamabi eguneko lana behar izan zuten, eta protagonistek diotenez, 6B zailtasuna du errusiar eskalan (gurean ABO zailtasuna, gutxi gorabehera).
Aurreratu behar da, bide berri horrek bi saio eskatu diela; izan ere, lehena duela bost urte egin zuten. Abuztuaren 1ean paretan sartu ziren, eta errusiarrek diotenez, murrua erabat zuri aurkitu zuten: «Paretak elur piloa zuen; gainera, eguzkia urtu eta erreka baten modura bihurtu zen. Hirugarren egunean, berriz, eguraldiak txarrera egin zuen. Elurra egin zuen, eta soilik bi luze egiteko aukera izan genuen. Gaua gogorra izan zen oso, elurrak ez zuen etenik eta hainbat unetan hamakak garbitzera behartu gintuen. Biharamunean ere ia ez genuen ezer egin; soilik izoztuta zeuden sokak garbitzeko beta izan genuen. Hotz egin zuen, eta denboralea atertu arte ia ez genuen ezer aurreratu».
Eskaladaren seigarren egunean, eguraldiak hobera egin zuen, eta luze berri batzuk eskalatu zituzten. Egunero bezala, arratsaldeko ordu bietan eguzkia ezkutatzen zen, eta hotzak zailtzen zien progresioa: «Baldintza horietan gogorra zen eskalatzea. Gainera, zazpigarren egunean ekaitz bortitz batek harrapatu gintuen, eta pareta oso-oso arriskutsua utzi zuen: elur hezea hasieran, gero izozten zen... Bederatzigarren egunean ere eguraldiak okerrera egin zuen, eta hotz handia pasatu genuen. Egoera horrek baldintzatuta, behin edo behin gure hamakak lekuz aldatu behar izan genituen; batzuetan erreka baten erdi-erdian zeudela zirudien!».
Nahiz eta eskaladaren progresioan nahiko mantsoa izan, hirukote errusiarrak gailurretik gertu jartzea erdietsi zuen. Azkenean, abuztuaren 11n, Nilov, Golovchenko eta Grigorievek bidea amaitu eta gailurra zapaltzea lortu zuten: «Azken gauean ere elur asko egin zuen, eta hotza ere bai. Baina azken luzea zabaltzen ari ginela, eguzkia atera zen. Gailurrerako azken zatia arriskutsu zegoen, eta elurrezko erlaitz batzuk kontu handiz gainditu behar izan genituen. Gailurrean ziur aski Favresseren taldeak utzitako gailu bat ikusi genuen. Biharamunean bide beretik jaitsi ginen».
Bigarren ekarpena
Errusiaren lana bukatu eta egun batzuetara, abuztuaren 18an hain zuzen ere, Carlos Perez, Esteban Mena, Rafael Caceres, Nicolas Navarrete eta Ivan Vallejo (bai, zortzimilakoetan espezialista) ekuadortarrak Kyzyl Asker mendiaren murru berean bide berri bat zabaltzen hasi ziren. Hamar eguneko lanaren ondoren, «Sal con cebollas» sortu zuten. Guztira, 1.100 metro eta 26 luze ditu. Zailtasunak, berriz: ED2, VII, 5.12a, M6+, WI5+ eta AI2.
Errusiarrek bezala, protagonistok ere kapsula estiloan jardun zuten, eta adierazi dutenez, harkaitz oso onarekin, izotz puska handien erorketekin eta hotzarekin egin zuten topo. Lehen sei egunetan, talde honek 11 luze eskalatu zituen: «Arrokaren kalitatea oso ona zen, eta batez ere artesi piloa eskalatu genituen. Bat bukatzen zenean, beste sistema batera zeharkatu behar genuen; hori izan zen, bederen, eskalada ia osoaren ezaugarri nagusia. 9. eta 11. luzeak zailenak izan ziren, 5.12 zailtasunekoak».
Ondoren, pare bat egun beste luze batzuk eskalatzeko, eta gailurrera eraman behar zuen puntu garaienera heldu ziren. Bazirudien eguraldiak okerrera egingo zuela, eta alpinistek erabaki bat hartu behar zuten. Azken eskalada egunean mistoko tarteak gainditu behar izan zituzten. Gero, izotzezko sekzio batzuk aurrez aurre zituzten. Horietan eskalatzen ari zirela, askatu zen izotz kandela batek Perez harrapatu zuen, baina istriputik onik atera zen.
20 ordu jo eta su eskalatzen eman ondoren, laukotea 5.700 metroko garaierara iritsi zen: «Gainean jipoi galanta generaman, eta, gainera, di-da batean ekaitz bortitz batek harrapatu gintuen. Une zein garaiera horretan jaistea erabaki genuen. Jaitsieran zortzi ordu eman genituen. Gailurrerian ginen, geure helburutik gertu, baina elurra ari zuen eta baldintzak erabat okertu ziren. Beste era batera esanda, 1.100 metroko bide berria zabaldu bai, baina tontorra zapaltzeko aukerarik ez genuen izan. Gu oso gustura gaude eginiko lanarekin. Hiru urte generaman xede hau egin ahal izateko, hots, Kyzyl Asker mendira joan eta bide berri bat sortzeko, eta azkenean uste dugu jarduera bikaina egin dugula».
Aitortu behar da, bederen, ez dela batere ohikoa alpinista ekuadortarrak ingurumari horretan eskalatzen ikustea, eta gai izan direla oso bisita gutxi jasotzen duen mendi batean beren aportazioa egiteko: «Sal con cebollas».
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
