Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Paleta bete kolore

Aitor dut. Sarritan oso arin irakurtzen dut prentsa, lar arin egin ere. Lerro-buru nagusiek erakarriz gero letra txikerretik jauzika egiten dut begi-bide arin bat, kontsulta modura edo, eta erakartzen segituz gero erabakia hartzen dut, orria moztu eta domekan arakatzeko utzi, meza nagusian lasaiago baitago nire herriko taberna. Aste honetan moztutakoak ez ditut oraindik arakatu, beraz begi-kolpez gainbegiratuak ditut orain atzamar puntan, teklatuan. Horra, Mondragon bidegurutzean da! korporazioko presidentea izendatzeko prozesuan abiatua, nonbait. Behialako mens sana in korporazio sano esaera gaurkotasunez betea den seinale. Letra txikerrak dioenez laster izateko duten kongresuari begira daude, bidegurutzean, eredua berritu eta taldea gorpuztua mantendu, joanak joan, ala talde-ehuna urratzen hasi eta gorputz-adarrak gorputz bihurtu. Tarrat! Ez dakit, ez naiz soziologoa, baina pentsatu behar dut corpore batean mens bat baino gehiago izan badaiteke ere, ez dela posible mens bat corpore bat baino gehiagotan izatea. Baina tira, Hamaika ikustekoak gara! Telebistaz nabil orain.

Total, kongresu atarian dira. Espero izatekoa da ez gertatzea gure hegoan dugun Estatuaren hiriburuko Kongresuaren atarian sarri gertatua, hau da, bertan bilduak egurtuak izatea; are gehiago segurtasun lege zer berriarekin. Portzierto, zurrumurruren bat bada nonbait, Eskorbutok salatu egingo duela Amaiurreko Kongresuko bozeramailea, baina ez dut uste plagio egiteagatik izango denik, diot nik, azken finean lagunak egin zuena politika arruntean innobazioa sartzea izan da. 4.0 edo. Tira, Mondragon harira! Lemazain berrirako izenak badira nonbait; kolpea izango litzateke gero hozkailuan gordeta izatea! Dena dela, izena baino izana da kontua, hots, jarduera ekonomikoa neurtzean zer jartzen den balantzearen alde bakoitzean. Diru hutsa jarriz gero diru-hotsa nagusi, badakizu... txintxin-txintxin. Badakit ekonomia ezin daitekeela debalde izan, doako, Deba aldean ere ez, baina behin bidegurutzeraino heldua ezin hautuak bitara mugatu, hori da esatea lez lerro zuri eta lerro marroiaren artean egin behar dela hautua, balantzearen azkeneko lerroa gorria izan ez dadin. Margolari onak berez diren kolore guztiak behar ditu paletan, margoa izan sozio-ekonomiko, izan sozio-politiko...