Duintasunez
Tristura ematen du, baina maila berean, agian, zer pentsa. Brittany Maynard emakume estatubatuarrak grabatu eta zabaldu duen bideoak horretarako balio du izan ere, kontzientziak astintzeko. Sendabiderik ez duen buruko tumorea du eta hark etorkizuna eta marraztuak zituen ametsak ukatu dizkio. Hiltzea erabaki du, berak aukeratutako unean eta arauen arabera. Bideoan bertan azaldu du ez duela bere erabakiaren berri eman sona lortzeko, egoera berean dauden pertsonek aukera bera izan dezaten lortzeko baizik. Duintasun kontua da berarentzat bere heriotzaren inguruan erabakia hartzeko aukera izatea.
Pertsonok azken batean bizitza ematen dugu duin irizten diogun hori gure buruari emateko eta aitortzeko, baina heriotzaz hitz egiten hasten garenean, korapilatu egiten zaigu arnasa, trabatu duintasuna.
Gogoratu naiz berehala Eluana Englaro italiar emakumearen kasuaz. Aitak defendatu zuen orduan alabak defendatu ezin zuen duintasuna, hark urteak zeramatzalako ospitaleko ohean koma egoeran. Behin eta berriz eskatu zuen alabaren gorputza martxan mantentzen zuen elikadura makina behin betikoz deskonektatzea, hain zuzen ere alabak bizitza maite zuelako. Horretarako epaitegiz epaitegi ibili behar izan zuen. Englaro 2009ko otsailaren 9an hil zen Italiako Parlamentua asmo hori geldiarazteko arrapaladan lege bat onartzen ari zen bitartean. Gaia mahaiaren gainean jarri zuen kasu hark, berriz ere eztabaidaren ezintasunak kajoian sartu zuen arte.
Orain gutxi irakurtzen nuen Jule Goikoetxeak abortuaren inguruan idatzitako artikulu batean «bizitza duintasunaren gainetik gurtzen duten kulturak heriotzaren eta krudelkeriaren kultura» direla. Abortuaz zioena heriotzaz erabakitzeko eskubidearen inguruan mintzatzeko lapurtu diot, indar eta koherentzia bera duela uste dudalako.
Bizitza eta duintasuna ezin dira, izan ere, uztartu, bizitzan hartu nahi ditugun erabakiez, baita haren amaieraz ere, erabakiak hartzeko eskubiderik onartzen ez bazaigu.

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
