Andoni ARABAOLAZA
Himalaia Seimilako teknikoa

Janahut mendiaren lehen igoera oso gertu izan dute britainiarrek

Malcolm Bassek eta Simon Yearsleyk osatutako sokada Garhawalen (Indiako Himalaia) dagoen seimilako horren tontorretik 140 metrora geratu zen. Astebeteko eskalada behar izan zuten oso ezezaguna den Janahut mendian (6.805 m) marra bat sortzeko.

Nahiz eta hedabide askoren aldetik bestelakorik entzun, zorionez oraindik mendi asko dago esploratzeko eta igo gabe, eskalatzeke. Horren lekuko, bederen, Garhawalen (Indiako Himalaian) gertatu dena. Gangroti glaziar ezagunaren pare-parean Janahut mendia (6.805 m) dago, eta hango pendizak arakatzen ibili da Malcolm Bassek eta Simon Yearsleyk osatutako sokada.

Helburua ez dute guztiz erdietsi; izan ere, mendiaren lehen igoeratik hurbil izan dira. Hain zuzen ere, 140 metrora. Baina, oro har, xedea guztiz borobildu ez badute ere, aukera izan dute igo gabe dagoen seimilako tekniko batean jarduteko. Eta, gainera, kontuan hartu behar dugu espedizioaren lehen xedea beste bat zela: Rimo III mendiaren (Karakorum) hego-mendebaldeko aurpegia. Baina Bassek eta Yearsleyk mendi horretarako ez zuten baimenik jaso, eta di-da batean, helburuz aldatu eta Garhwalera abiatu ziren.

Badirudi britainiarren patua Janahut mendian zintzilikatu zela; izan ere, Garhwal aldera abiatu zirenean Chaukhamba IV mendia helburu zuten, baina elurte gogorren ondorioz, azkenean Janahuten bukatu zuten.

Seimilako tekniko hori nahiko ezezaguna da, eta horretaz gain, mendira hurbiltzeko gutxienez 20 kilometroko ibilaldia egin behar da; betiere, kanpaleku nagusitik. Hala ere, garaia eta dotorea da, eta ziur aski binomio horregatik alpinista batzuk-batzuk erakarri ditu.

Lehen bisita 2002. urtean izan zuen; austriar talde bat izan zen protagonista. Bi urte beranduago, Zeelanda Berriko Pat Deavollek eta Marty Bearek saio eder bat egin zuten mendebal aurpegian dagoen couloir nagusitik, baina 6.440 metrora buelta eman zuten. Urte berean Andy Brown, Paul Figg eta Bass bera 6.000 metrora iritsi ziren hego-mendebaldeko paretatik saiatu ondoren. Eta 2010. eta 2011. urteetan, azkenik, beste bi ekinaldi izan ziren.

Zazpi egun

Bassek eta Yearsleyk astebeteko lana behar izan zuten oraindik zanpatu gabe dagoenen gailur horren eskaladarako. Kanpaleku nagusitik irten eta bi egunera beste bat altxatu zuten 5.050 metroko garaierara; hain zuzen ere, hego-mendebaldeko kontrahormaren oinarrian. Biharamunean, gaueko hamaiketan, martxan jarri ziren, eta bi ordu beranduago errimaia gainditu zuten.

Bassek adierazi duenez, eskaladaren erritmoa ona zen: «Soka gerrira lotu gabe, elurrezko aldatsak eta tenteak zeuden tarte motz batzuk erraz gainditu genituen. Goizeko hamarretarako, irtenune baten azpian oso babestua zegoen bibak batera heldu ginen. 5.900 metroko garaieran geunden. Zorte handia izan genuen bibak horrekin. Eguzkiak oso goiz berotzen zuen, eta bibakak goitik erortzen ziren arroketatik eta izotz pusketatik babestu gintuen».

Atseden hartu eta goizaldeko ordu bietan berriro martxan ziren. Pixkaka kolore zuria zuten granitozko dorre batzuk eskalatu zituzten. Bassek dio izoztuta eskalatu zutela: «Ikaragarrizko hotza egin zigun; tenperatura neurtu eta ikusi genuen -30 gradukoa zela. Eskerrak egunsentia iritsi zela! Hego-mendebaldeko kontrahorma gure poltsikoan zegoen, baina bide luzea geratzen zitzaigun tontorra zapaltzeko. Aurretik aske zegoen arroka eta izotz gogorra zuen ertz bat genituen. Sekzio horiek eskalatu ondoren, beste luze batzuk ertz tentean igo genituen, eta arrokazko gendarme baten ondoan denda altxatu genuen. Plataforma hori 6.300 metrora zegoen. Bibak horretatik «soilik» beste ahalegin bat gailurrera iristeko».

Eguzkia eta haren eragina saihestu ahal izateko, Bass eta Yearsley berriro oso goiz abiatu ziren: goizaldeko lauretan. «Arranoaren kabia» deitu dioten bibakean denda altxatuta utzi zuten. Luze gogor batzuk egin eta ertza erabat etzan egin zen.

Gailurra ez zuten urrun, baina eskalatu behar zituzten tarteak zailak ziren: «Eguraldia lagun genuen, batere haizerik gabe. 80 metroko dorre bat igo eta ertzetik nahiko azkar gindoazen. Sekzio motz batzuk zailak ziren, baina eragozpenik gabe eskalatu genituen. 14 orduko jardunaren ostean, 6.600 metrora ginen. Baina arratsaldeko seiak ziren, 140 metro falta zitzaizkigun eta gaua gainean genuen. Gainera, haize oso hotz bat areagotzen ari zen, eta bibakera jaistea erabaki genuen. Hor bukatu zen gure saioa».

Aldaera luze berri bat Grandes Jorasseseko ipar horman

Azken asteotan aipatu dizuegu irailean Grandes Jorasseseko ipar horman aparteko baldintzak izan zituztela, eta, oro har, mugimendu handia eta kalitatezkoa izan zela. Horren isla da Julien Desecures, Seb Bohin, Korra Pesce, Jon Griffith eta Bertrand Delapierrek osatutako taldeak «Desmaison-Couzy» bidearen alboan aldaera bat sortu duela.

Griffithek adierazi du jatorrizko bide osoa ez zutela igo, baizik eta ondotik ikusi zuten izotzezko marra fin-fin bat: «Eginikoak 70eko hamarkadan alpinista britainiarrek egiten zutenaren antz handia du. Hasteko eta behin, espoloiaren ezkerretara dagoen couloir batean sartu ginen. Ondoren, luze on batzuk izotz finean eskalatu genituen, eta berriro, une batez, jatorrizko marran sartu ginen. Izotzarekin zegoen diedro bat gainditu, M5 zailtasuneko pendiz batzuk eskalatu eta irteerako tximiniatik gailurrera iritsi ginen».

Protagonistek aurreratu dute aukera ezin hobea izan zutela oso gutxitan sortzen den izotzezko marra fin hori eskalatzeko. Andoni ARABAOLAZA