Kontaktua
Magia sinpatikoa XIX. mendeko antropologoek garatu zuten kontzeptua da, mendebaldarrak ez ziren erlijioen funtsa azaltzeko. Frazer-en arabera, sinesmen mota hori antzekotasun edo kontaktuaren ideian oinarritzen da. Kontzeptu iradokitzaile horretatik abiatuz, Horman Poster taldeak kulturarteko obra bat prestatu du Mbaye Sene dantzari senegaldarrarekin elkarlanean.
Kulturen arteko topaketa, erlazio kolonialak, «bestearen» zapalkuntza, eurozentrismo arrazista, komunikazioa eta imitazioa; ikuskizun eder honetan zehar artistek sinbolo eta esanahien sare mamitsua eraikitzen dute, non ikuslearen irudimenak alde batetik bestera jauzi egiten duen inplikazio metaforikoak deskubrituz eta baita asmatuz ere. Osagai guztiak esangura handikoak dira eta guztiak egituratzen dira historian hain garrantzitsu eta gatazkatsu -odoltsu ez esatearren- suertatu den gertakari baten inguruan; alegia, kultura desberdineko gizakiek topo egitea. Zenbait hizkuntza baliatuz, hausnarketa dramatikoa komunikazioaren muinera doa. Bestearen mintzaira ezezaguna denean, keinua da komunikatzeko beharrak topatzen duen bidea, eta imitazioa da ulertu izana adierazteko modua. Hain zuzen ere, keinua dugu antzerkiaren lehendabiziko gaia, eta imitazioa -mimetismoa- bere azken helburua, europar teatroan.
Obra honek, berriz, mimetismo tradizionalarekin hausten du, mimetismo unibertsalaz mintzatzeko. Paralelismoak nonahi antzematen dira: espiritua garbitzeko dantza afrikarrak eta helburu bera omen duen teatro europarraren katarsia; dantzari tradizional hori eta Commedia Dell'Arte-ko Pierrot pertsonaia; XIX. mendeko kolonialismo bortitza eta gaur egungo kapitalismo gupidagabea. Eta guztiaren atzean, literalki, erromantizismo modernoak kultura kolonizatuen gainean egin duen irudikatze exotikoa. «Bestearen» desberdintasuna onartu beharrean, museoko pieza bihurtu duen aurreiritzia. Kolonialismoak kale egin zuen «bestearengan» antzekotasuna topatzeko orduan, eta horrek zapuztu zuen kontaktuari berez dagokion magia.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
