Preso guztiek kartzela dute etsai; gaixorik egonda, etsaiago
Ibon Fernandez Iradi Lannemezango espetxean gaixo dagoen preso lasarte-oriatarra da. Esklerosi anizkoitza du. Espetxetik kanpo bizitzeko eskaera aspaldi egin zuen Ibonek. Baina, tamalez, oraindik kartzelan da, bere gaixotasunak dakartzan ondorio eta sintomei aurre egiteko eta berau kontrolpean izateko zailtasunak egunero-egunero pairatuaz.
Hilaren 30ean ezagutuko dugu azkenik Justizia frantsesaren erabakia. Hala ere, gogoratu behar da, aurreko sententzia batean, Ibonek espetxetik kanpo bizitzeko eskubidea aitortua duela, nahiz eta hori gauzatzeko baldintzak ezarri zitzaizkion. Eskubide «baldintzatua» du beraz, nolabait esatearren.
Preso guztiek kartzela dute etsai; gaixorik egonda, ordea, are gehiago. Gaixotasunari aurre egiteko zein baliabide izango dituzun, mediku-irizpideez gaindi dauden beste mota bateko erabakien menpe egotea gogorra da oso pertsona ororentzat. Kasu honetan, Ibonen osasuna, gaixo dauden gainontzeko preso guztiena bezala, baldintzatuta dago etengabe.
Egoera hau berriro ere errealitate gordinenaren erakusle zaigu: kartzelak ez du gizakion bizitzak, bizitza izateko, eskatzen duen gutxiengo duintasuna bermatzen. Okerrena, ordea, egoera guzti hau erabaki politiko baten ondorio izatea da, nahita hartutako erabaki baten ondorio. Ez da kasualitatea. Ez da jasangarria jada, sekula izan bada. Giza eskubideen kontrakoa da gaixotasun bat izan (esklerosi anizkoitza, edo hiesa, edo minbizia) eta ziega batean sartuta eta oinarrizko zaintzak ziurtaturik izan gabe pairatu beharra, eta honek amaitu beharra du.
Ibonena kasu bat da, momentu honetan agerikoa eta urgentea, baina egun ez da salbuespena, araua baizik. Ordezkari garen herrietako hainbat pertsonak pairatu behar duten errealitatea. Lasarte-Orian Ibon Fernandez kasua dagoen bezala, Aitzol Gogorza errenteriarrak gaixotasun mentala du eta Gari Arruarte hernaniarrak, berriz, gaixotasun degeneratibo larria. Espetxe politikan aldaketa eta oinarrizko giza eskubideen errespetua ezinbestekoak dira; eta hori da, behingoz eta justiziaz, eskatzen duguna.
(*)Lasarte-Oria, Hernani eta Errenteriako alkateak, hurrenez hurren

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
