Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
Ekaitz SARALEGI
Asegarce-ko pilotaria

«Nahiz eta iaz finalerdietarako sailkatu, badakit zenbat jokatzen dudan»

Eskuetako kailuarekin udan pasatutako infernuaren ostean, «zalantzaz beteta» ekin zion amezketarrak bere urteko «erakusleihoa» den Lau eta Erdikoari, eta Julen Retegiri Gernikan irabazi izanak ez dio duda horiek erabat baztertzeko balio izan. Iazko joko mailara heltzea zaila izango duela uste du, eta etorkizunera begira, ez du aparteko ametsik egin nahi eta Binakakoan sartzea ez du helburutzat.

Finalerdiak jokatu izana ez zaio, inondik inora, burura igo amezketarrari, nor den oso argi omen dauka eta aurten ere ezustekoak eman nahi ditu, lehena bihar Eibarren.

Gernikara zalantzaz josia joan omen zinen, garaipenak uxatu al ditu duda horiek?

Uda osoa geldirik egonda, eskuetatik-eta oso gaizki ibili naizenez, normala da zalantzekin ibili izana, baina ondo atera zen. Irabazi nuen eta hori zen garrantzitsuena. Zalantzak hor daude, baina irabaziz gero, dudatan jarraitzea ere ondo dago.

Konpentsa dezake Lau eta Erdiak horrenbeste sufrikario?

Oso uda arraroa izan da, hainbeste urte profesionaletan eta urterik txarrena izan da, lesio asko izan ditudalako, gainera gehienak eskuetakoak. Deskuiduan finalerdietara pasako banintz konpentsatuko luke, baina ez dago atzera begira egoterik, orain hemen gaude eta honetaz gozatu behar dut.

Iazkoa ez zela kasualitatea izan erakutsi beharrik sentitu duzu?

Ez. Iaz, finalerdietara egin nuen lanarengatik heldu nintzen; eta aurten, beldur nintzen duda horiekin etorrita ezin izatea mailarik eman, hori izango zen penarik handiena. Baina astelehenean oso-oso ondo jokatu gabe, partida irabazteko adina jokatu nuen, eta partida nahiko gogorra izan zen, gainera, eta alde horretatik gustura nago.

Iaz, txapelketako maila honetan esaten zenuen partida batzuk zure ligakoak zirela eta beste batzuk ez; Gernikakoa zure ligako horietakoa zen?

Nik uste dut baietz. Errealista izan beharra dago, eta begira ze pilotari diren besteak. Julen ere pilotari handia da, baina nik uste dut Lau eta Erdian agian errazagoa dela Xala eta Irujo baino. Norberak jakin behar du non dagoen. Nahiz eta iaz finalerdietan egon, badakit zenbait jokatzen dudan eta non nagoen, azkenean bigarren mailako pilotari bat naiz eta ezustekoren bat ematen badugu ondo, baina badakit nor naizen.

Ondo ezagutzen duzunez, zer esan dezakezu Mikel Olaetxeaz?

Poza ematen dit, egia esan, berak ere behar zuen. Izan zuen orain dela lau bat urte uda latza, sekulako partidak egin zituen. Laguna dut eta izugarri pozten naiz hor dagoelako, ea zorterik handiena duen finalerdietara sartzeko, eta elkarren kontra jokatuko bagenu, biok gustura.

Zerbait berezirik egin du horren ondo aritzeko?

Uda ona egin du, partida asko jokatu ditu eta irabazi ere bai, eta hori nabaritzen da. Bigarren mailan erraz ibili da, ondo jokatuz eta txapelketa momentu onean iritsi zaiola uste dut, bera asko lasaitu da Lemunoren aurkako partida hori irabazi eta gero, eta gozatzen ari da.

Biok heldu zarete behartu xamar, asko erakutsi beharrean, txapelketa honetara?

Baina hau beti gertatzen da. Urte osoan ez gara ia mapan agertu ere egiten eta hori normala da. Futbolean ere beti berdinak ikusi nahi izaten dituzte eta hemen ere onenak ikusi nahi izaten dituzte. Guretzat erakusleihoa Lau eta Erdikoa izan da beti, eta ondo etortzen zaigu. Iazkotik aparte lan politak egin ditut eta espero dut egiten jarraitzea.

Pablo Berasaluze, Mikel Idoate, Mikel Urrutikoetxea eta Danel Elezkano min hartuta egonda, Binakako txapelketarako esperantzarik baduzu?

Egia esan, ezta bat bera ere, ezta burutik pasa ere. Iaz aukera polita izan nuen, Lau eta Erdiko polita eginda, jokatzerik banuela pentsa zitekeen eta ez nuen jokatu. Iaz amets pixka bat egin nuen baina aurten ez dut ametsik egingo, badakidalako ez dudala jokatuko.