Bananakotik banantzeko oxigenoa
Aste honetan ikusia, Meteosateko irudi-segidan ikusia ere. Gure behean den Estatuaren erdialdean halako orban lodia ageri da, kaka kolorekoa, ozeano aldera egin gabe lekuan bertan mantentzen dela irudirik irudi, gero eta lodiago, hori bai, eta gero eta kaka kolore ozenago, hori ere. Isobara mapak hala erakutsia, depresio gune batek du orbana lekuan hartua. Hara! irudiei beraiei hatsa darie, su- durzuloak bete arteinoko hats sarkorra. Uf! Urrundu behar izan ditut begiak, eta sudurra, irudietatik, zorabioaren atarian arnasestuka, eta konpost-kutxara hurreratu naiz arnasa hartzeko premiazko premiaz. Beheko horretan ez dira usteak usteltzen bakarrak, ez horixe gero! Zezenaren larrua aspaldian tarrat egiten hasia bazen ere oraingoan usteltzen ere hasia bazela jakin da mundu zabalean. Arrazoi gehiago, amaierarik ez duen arrazoi-zerren- dan, larruko zati batzuk larruz aldatzeko behingoz. Izan ere, nor bere larruan izateak berez ustela saihesten ez badu ere gertuago daukazu sudurra sikiera, eta berau zorrotza bada, ez nabil formaz usaimenaz baino, arinago piztu daiteke gorputzaren alarma sistema eta di-da batean erabaki, kontsultaren zain egon gabe.
Tira, orbanaren harira! Hamaika ikusteko gara! Eta beste hamaika usaintzeko! Orain telebistan kaletarrak maskara ahoan ikustean ez dakizu ote den Txinako hiriburuko eszena ala den Espainia markaren iragarkia. Jainkoak berak baleki! Orban aldera hurbildu, jakin-minean, eta hatsa bulegoetatik hedatzen dela konturatu orduko zorabio batean zaude. Periferiako zabortegira joan behar duzu giro arnasgarri bila. Alfonbrek eta moketek gainezka izan behar dute azpikoa! hor bai duela geroa haustura hidraulikoak! Ukraina osoa, han osoa esaterik balego behintzat, neguan gasez hornitzeko beste gas atera liteke azpi horietatik. Negutegi efektuko gasa izan ere, planeta berotzen duten horietarikoa. Zenbat eta beroago izerdi gehiago, eta bero eta hezetasunezkoa eremu ezin hobea da usteljaleak areagotzeko. Espainian biodibertsitate gehiago! aldarrikatuko luke baten batek ustelkeriaren alde ona islatu nahian edo. Kurrin, kurrin! Bai, ADNan dute askok itsatsia ustelerako joera, bizitza bera ulertzeko modua. Monarkia bananakoa eta banana transgenikoa. Banantzeko motiboa. «It is pain». Oxigenoa, mesedez!

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo

«El imperio norteamericano quiere llevarse el petróleo sin pagar»

Una iniciativa europea contra el pacto UE-Israel busca un millón de firmas
