GARA

SOS Arrazakeriak kereila aurkeztuko du Arabako ahaldun nagusiaren aurka

SOS Arrazakeriak auzitara eramango du Arabako ahaldun nagusi Javier de Andres. Izan ere, PPko agintariak elkarte horri leporatu zion gizarte laguntzen «iruzurrean» lagundu izana. Zehazki, agintariak «gizarte laguntzen harrapaketaren eredu» izatea aurpegiratu zion.

SOS Arrazakeriak kereila aurkeztuko du Arabako ahaldun nagusi Javier de Andresen aurka, elkarteari leporatu ziolako gizarte laguntzetan dagoen «iruzurrean» lagundu izana.

Javier de Andresek eta SOS Arrazakeriak adiskidetze-egintza izan zuten atzo Gasteizko epaitegi batean, baina ez zuten akordiorik lortu. Horren ondorioz, Fede Garcia SOS Arrazakeriako bozeramaileak baieztatu zuen auzitara eramango dutela ahaldun nagusia.

Gizarte laguntzen inguruan De Andresek egindako akusazioen harira dator SOS Arrazakeriaren kereila. Ahaldun nagusiak «gizarte laguntzen harrapaketaren eredu» eta «iruzurraren maisu» izatea leporatu zion elkarte horri, eta 1.252 etorkin bere egoitzan erroldatu izana gizarte laguntzak jaso ahal izateko.

De Andresek atzo azaldu zuenez, epailearen aurrean bere garaian esandakoa berretsi zuen eta adierazpen askatasunaren barruan kokatu zituen bere adierazpenak. Haren ustez, SOS Arrazakeriaren egoitza etxebizitza bezala uztea datuak faltsutzea da eta gizarte laguntzetan iruzur egitea ahalbidetzen du.

Bestalde, Fede Garciak etorkinak elkartearen egoitzan erroldatzea ahalbidetzen duen Espainiako Estatistika Institutuaren ebazpen bat badagoela nabarmendu zuen. Halaber, SOS Arrazakeriak errolda «eskaera» baino ez zuela aurkeztu gaineratu zuen, eta Udaleko gizarte zerbitzuei dagokiela onartzea. «Beti izan dute informazio guztia eta beti egon dira isilik. Iruzurra bazen, zergatik ez dute arinago ezer egin?», galdetu zuen.

SOS Arrazakeriak kereila aurkeztu zuen udan Gasteizko alkatearen kontra. Fiskaltza ikertzen ari da Marotok etorkinen aurka egin zituen adierazpenak.