GARA BILBO
MEMORIA HISTORIKOA

«Espainiarekin kateak hausteko» deia, Brouard eta Muruguzaren urtemugan

Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituztenik 30 urte eta 25 urte beteko dira, hurrenez hurren, hilaren 20an. Hori dela eta, urtero bezala, hainbat oroimen ekitaldi izango da. Sortuk omenaldia deitu du azaroaren 15erako (larunbata).

``Apur ditzagun kateak'' lelopean egingo da ekitaldia, Bilboko Euskalduna jauregian, atzoko aurkezpenean Pernando Barrena eta Maribi Ugarteburu Sortuko kideek adierazi zutenez. Gerra zikinaren ondorioz bizia galdu zuten ezker abertzaleko bi militante ezagun haiek egindako ekarpena nabarmendu nahi dute bertan.

Ugarteburuk eta Barrenak aurkezpen ekitaldian gogora ekarri zutenez, «erabateko krisialdian» sartuta dago Estatu espainola, eta Francoren heriotzaren ondoren «botere faktikoek hainbat alderdirekin hitzartutako erregimenak pitzadurak baino ez dauzka». Hala, esparru politiko-territoriala «porrot eginda», eredu ekonomikoa «krisi sakonean» eta Estatua kudeatzeko ardura duten alderdiak «ustelkeriak jota» daudela aipatu dute.

Sortuko ordezkariek gaineratu zutenez, azken hamarkada hauetan zehar izandako gobernu espainolek gerra zikina eta errepresioa erabili dituzte gatazkaren konponbide politiko eta demokratikoa ekiditeko, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza «estrategia horren biktima» izan ziren.

«Duela 35 urte egin ez zen haustura demokratikoa ezinbestekoa da egun eskubideak ukatu eta urratzen dituen Estatuarekin egitea», ondorioztatu zuten, hori guztia mahai gainean jarri ondoren. Eta hilaren 15ean egingo duten ekitaldian «Espainiarekin kateak hautsi» behar hori aldarrikatuko dute, «gure geroaren jabe egiteko eta independentziari eta sozialismoari ateak irekitzeko».

«Hemengo Uribe da Rajoy»

Gaurko egoerari erreparatuz, Gobernu espainolak behingoz konponbide prozesuari aurre egin behar diola aipatu zuen Barrenak. Eta Kolonbiako negoziazio prozesuaz Mariano Rajoyk astelehenean, Juan Manuel Santos presidentea aurrean zuela, esandakoa txalotu zuen.

«Baina orduan, nekez uler daiteke hemen ireki den bake garaiari etengabe eraso egiten ibiltzea», aipatu zuen Barrenak. «Hemengo Uribe da Rajoy», laburbildu zuen, Kolonbiako presidente ohiak bakearen aurka izandako jarrera gogoratuz.

9.800 víctimas

El programa detalla que las víctimas mortales del franquismo en la CAV fueron 9.800, entre «desaparecidos, muertos en el frente o en prisión, ejecutados extrajudicialmente y otros».