2014/11/10

«Bihotzetik», sentimenduetatik zabaldutako bide berria

Andoni ARABAOLAZA
P050_f02
Riglos. CVCEko eskalatzaile talde batek «Bihotzetik» bidea zabaldu du. Hain zuzen ere, Joxi Hernandez, Andoni Areizaga eta Iñaki Cuellarren omenez.

Club Vasco de Camping Elkarteko eskalada taldekoek bide berria zabaldu dute Riglosen: «Bihotzetik» (6c+, 6a halabeharrez, 200 m). Hain zuzen ere, Mallo del Agua-Viseran sortu dute. Eta sortu sentimenduetatik sortu dute. Izan ere, Joxi Hernandez, Andoni Areizaga eta Iñaki Cuellarren (Donostiako mendi elkarteko kideen) omenez zabaldu dute. Mendizale horiek, iazko udaran, auto istripu batean hil ziren.

Lan horretan jardun dutenak Josetxo Rodriguez, Gerardo Telletxea, Pablo Goñi, Dani Ruiz-Zeberio eta Stig Larrañaga dira. Otsailean, martxoan, apirilean eta maiatzean aritu dira lanean. Guztira, hamar egun.

Zazpi luze

Bide osoa paraboltekin ekipatuta dago, eta bilerak bi eraztunekin daude. Lan horretarako CVCEren laguntza jaso dute, eta eskalatzeko 14 zinta eraman behar dira. Bidea rappelatu daiteke (gehienez 40 metro), eta bigarren bileran «Torrijos» bidera (10 metro) pasatzea komeni da bigarren luzearen eroria saihesteko. Gogora dezagun halaber, bidea garbitu duten arren, arretaz eskalatu behar dela.